Alderdi politiko guztiekin adostu duten testua irakurriko dute biharko ez ohiko bilkuran. Besteak beste, lurrak ez birkalifikatzeko eskatuko diote Udalari. Ondoren, Candy ez itxi, deslokalizaziorik ez lelopean manifestazioa egingo dute, eta herritarrei parte hartzeko deia egin diete.
Negoziazio bilerak hasiko dituzte bihar
Bestalde, bihar, eguena, negoziazio bilerak hasiko dituzte langileen ordezkariek zuzendaritzarekin. Langileak lanpostuak defendatzeko asmoarekin joango dira bilerara. Horretarako, txosten bat prestatzen dihardute, eta Aldundiarekin ere izan dira harremanetan.
Garbigailuak eroatera etorri dira Bergarara
Gaur goizean hiru kamioi etorri dira garbigailuak hartu eta Bergaratik eroateko asmoarekin. Langileek, baina ez diete utzi kamioak beteta ateratzen. Hala, kamioiak hustu behar izan dituzte. Sarrerako atearen aurrealdean pneumatikoak jarri dituzte han protestan zeudenek; eta, kamioak irten ahal izateko, zuzendaritzaren segurtasun taldeko kide batek kendu behar izan ditu pneumatikoak.
Azaldu dute 1200 garbigailu inguru daudela eginda, eta beste 3000 bat egiteko materiala dagoela.
Ezker Anitza-IUren mezua
Ezker Anitza-IUk oharra bidali du. Langileekin bat egiten dutela adierazi eta herritarrei mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute oharrean.