Herritarren eta Udalbatzaren babesa jaso dute Bergarako Candyko langileek

Miren Arregi Amasorrain 2014ko aza. 13a, 20:31

Aho batez onartu dute Bergarako Udalbatza osatzen duten alderdiek Candyko langileek aurkeztutako mozioa. Candyk Bergaran duen lantegiko industria-jardueraren alde agertu da udalbatza, baita lanpostu guztiak mantentzearen alde ere. Era berean, "multinazionalak hartu duen erabakiarekiko desadostasuna ere agertu dute" alderdiek. Udalak, bestalde, ez du "Candyren lurren birkalifikazioa onartuko alderdi sozialaren adostasun barik". Ezohikoaren ostean manifestazioa egin dute Deslokalizaziorik ez, Candy ez itxi lelopean. Herritar askok babestu du manifestazio hori.

Bergarako osoko bilkuren aretoa bete egin da gaur arratsaldean, bertan batu baitira Candyko langileak udalbatzari lantegiaren industria-jardueraren eta lanpostuen alde egin dezan eskatzeko. Ezohiko osokoan, udalbatza osatzen duten alderdiek aho batez onartu dute Candyko langileen mozioa eta elkartasun mezuak helarazi dizkiete lan barik geratu diren langileei.

Helburua, "Candy ez ixtea"

Jaione Isazelaia alkateak, elkartasuna ez ezik, babesa ere eskaini die langileei adieraziz, orain arte bezala jarraituko dutela harremanetan. Gaineratu du, instituzioen arteko lantalde bat sortzeko deia egin dutela guztiek norabide baten lan egin dezaten: "Gurako genuke, gainera, Candyren zuzendaritzak ere ildo hori jorratuko balu", adierazi du. Momentuz Foru Aldundiarekin eta langileekin berbetan dihardutela adierazi du Isazelaiak eta Candyren zuzendaritzarekin ere egon direla: "Oraingoz ez dago estrategia bateraturik baina hori lantzen saiatu beharko gara". Eta erantsi du: "Birkolokatzeak, ikastaroak... Hori guztia ez da baztertzen baina helburua, leloak esaten duen moduan, Candy ez ixtea da".

Zuzendaritzaren "borondate falta"

Aintzane Oiarbidek ere elkartasun hitzak helarazi dizkie Candyko langileei eta gogora ekarri du duela 22 urte Candyk Bergarara etorri zenean, 400dik gora lanpostu sortzeko baldintza bat ipini zuela, alegia,  erakundeen babesa: "Garai hartan EAJko alkatea zegoen Bergaran eta babes hori jaso zuten, baita Eusko Jaurlaritzarena ere. Gaur egun, ordea, Candyk erabaki bat hartu du, inoren babesik ez dute gura eta iruditzen zaigu oso itsusia dela egin dutena". Akordiotara iristeko borondate falta, langileen hitza entzuteko borondate falta eta erakundeen babesa baztertu izana ere egotzi dizkio Candyko zuzendaritzari Oiarbidek. Gaineratu du, "dagoeneko berandu" dela eta gaur, Candyko langileei babesa eta elkartasuna erakusteko eguna dela.

PSE-EEk ere, elkartasuna

PSE-EEko Mari Carmen Barrenetxeak ere elkartasun hitzak izan ditu langileekiko. Gertatu dena herritar askori eragiten dion injustizia bat dela eta Alderdi Sozialistaren erabateko laguntza izango dutela adierazi du.

Langilen esker ona

Langileek esker ona adierazi diete udalbatza osatzen duten alderdiei ezohiko osokoaren bukaeran eta Candyko zuzendaritzarekin duten haserrea ere eman dute jakitera: "Gaur elkartu gara lehenengoz zuzendaritzarekin. Bideragarritasun plana eskatu diogu eta ez dute ekarri. Egoera ekonomikoaren gaineko datuak eskatu dizkiogu eta datorren egubakoitzean elkartuko gara berriz ere eurekin", dio Jesus Markezek, langile batzordeko ordezkariak.

Manifestazio jendetsua

Ezohikoaren ondoren, manifestazioa egin dute Candyko langileek deituta eta herritar askok egin du bat deialdiarekin. Deslokalizaziorik ez, Candy ez itxi lelopean egin dute hori eta San Martin plazatik irtenda, herriko kaleak zeharkatu ostean bukatu dute mobilizazioa. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak