Bergaran egingo duzue antzezlanaren aurkezpen nagusia.
Bai, hala da. Azken ukituekin gabiltza, pixka bat urduri. Aurre estreinaldiak egin ditugu Lizarran eta Iruñean, bertan jarraitzaile asko ditugulako. Proba moduan egin dugu, eta emaitza ona izan da. Pozik gaude publikoak izan duen erantzunarekin.
Zein da zuen antzezlanaren oinarria edo abiapuntua?
Gure lan guztietan bat-batekotasuna da nagusi. Jorratu nahi ditugun gaien inguruan inprobisatzen hasten gara, eta sortzen ditugun sketch desberdinekin egituratzen ditugu antzezlanak. Gidoia azken urratsa da.
Desorientadas antzezlanak gizartearen egungo egoera kritikatzea du helburu?
Gure helburua beti da gure buruaz barre egitea, gure egoera, kezka nagusi eta arazoen gainean barre egitea. Mota horretako gaiak lantzen dira antzezlanean. Gizarteari lotutako gaiak; munduarekiko kezka guztiak kanporatzen ditugu antzerkiaren bitartez.
Gizarte arazoak eta balioak abiapuntu dira azken antzezlanean.
Bai, sentsibilizazioa garrantzitsua da guretzat. Aktore biek hurbiletik bizi dute kulturartekotasuna eta generoen berdintasunaren ikuspuntua, ideia biak islatu nahi izan dira antzezlanean. Ekofeminismoa eta munduaren jasangarritasuna bezalako kontzeptuak landu ditugu. Polita da gai larriak umorearen bitartez publikoari eskaintzea; horrela nahiko urrun heldu garela, uste dut.
Antzezlanaren xedea al da publikoa hausnarketara bideratzea?
Bai, erreflexioa bilatzen dugu. Izan ere, esaterako, hitzaldi baten bitartez gai horiek lantzerakoan publikoa larritu egiten da. Baina antzerkiaren bitartez, barneraketa xamurragoa da, arazoa leundu egiten da. Hala ere, bi ikusle mota daude; batetik, antzezlanarekin barre egiten dutenak, eta, bestetik, barre eta jorratutako gaien inguruan hausnarketa egiten dutenak. Adierazpen lan denez, irakurketa zabala da.
Desorientadas lanean pailazo bi datoz mundua eraldatzera.
Karufa eta Muxutruka pailazoak etorkizunetik etorritakoak dira, eta mundua eraldatzeko esperantza dute. Beraien munduan dena aldatuta dagoelako. Mezu hori zabaldu nahi dute, irtenbideak ere aurkezten dituzte, baina kritikaren bitartez. Hitz potolo asko erabiltzen dira antzezlanean, batzuentzat arrotzak izan daitezkeenak, eta horiei guztiei umore puntua erantsi diete, kontzeptuak arintzeko asmoz.