Señor No, Sex Museum eta Screamers & Sinners Arrasaten [ZAPATUA, 22:00]

Jon Berezibar 2014ko eka. 20a, 11:40

Señor No eta Sex Museum; hasiera ezin hobea izango dute aurtengo jaiek. Bi talde horietaz hitz egitea Euskal Herriko zein Espainiako underground eszenaren talde handiez hitz egitea da; lehenengoak Xabi Señor No buruan dutela, EHko Lemmy Motorhead Kilmister, eta bigarrenak Pardo anaien inguruan sorturiko talde edo mito bat. Bihar, zapatua, 22:00etan txosnetan.

Urte hauetan guztietan zerbait argi utzi badute, zuzenekoetan gupidarik ez dutela da; estatu mailan zein Europa mailan ezagunak biak, urteotan izan den kontzertu erakargarrienetako bat izango da, zalantza barik. Eurekin batera Screamers and Sinners boskotea arituko da. Demon Tales diskoa aurten argitaratu dute arrasatearrek eta azkenaldian kontzertuz kontzertu ibili da taldea. Psychobilly estiloa ikur daramate eta zuzeneko bizi eta dibertigarriak eskaini ohi ditu taldeak; etxean jotzeak eta bi talde mitikoekin jotzea motibazio estra emango die.


Señor No donostiarrak La Perrera taldearen errautsetatik jaio ziren 1993an Buenavista entsegu lokaletan. Hasieratik estatu mailan kritikak harrera ona egin zien; lehenengo lanak No Tomorrow diskoetxearekin argitaratu zituzten, eta ordutik hona hamar erreferentziatik gora publikatu dituzte. Azken urteotan formazioak hainbat aldaketa izan dituen arren, Xabi Garre gitarrista eta abeslariak taldearen buru izaten jarraitzen du eta, besteak beste, Flamin' Groovies taldeko Roy Loney abeslariaren talde bezala lan egin dute.


Sex Museum madrildarrei buruz zerbait berria esatea ia ezinezkoa da. Rock-and-rollaren langile sutsu eta nekaezinak, Marta Ruizek, Miguel eta Fernando Pardo anaiek,  Javi Vacasek eta Roberto Loza Lozanok osaturiko taldea –azken hirurak Los Coronaseko taldekoak– berriz ere Arrasatera etorriko da. 360 aretoa itxi zutenetik Malasañakoak ez dira sarrailagileen herritik pasatu, eta, ziur asko, boskotea gogotsu etorriko da.


1987an Fuzz Face estreinakoa argitaratu zutenetik urte asko pasatu dira, eta, taldeak gorabeherak izan zituen arren, azken boladan indartsu agertu dira oholtzan. Big City Lies (Tritone Records) da boskotearen erreferentzia berria, eta, musika adituen arabera, hasieretara bueltan da Sex Museum. Hala ere, Big City Lies berria besapean ekarri arren, Two Sisters, Flying High eta Let's Go Out klasikoek bozgorailuak  gogoz urratuko dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak