Corpus Christi eguna atzo, eguena, zen arren, ohi moduan, gaur, egubakoitza, hasiko dira ospakizunak. Goizean, Oñatz Dantza Taldea eta Txistulari Banda auzorik auzo ibiliko dira, eta 14:30etik 17:00etara ikastetxeetan eta Ugarkalden, San Martinen eta Kasablankan egingo dute dantza.
Domekan, txistulari bandaren goizeresia (09:00), musika bandaren goizeresia eta prozesioko irudiak San Miguel Parrokiara eramatea (10:00), San Miguel goiaingerua parrokiara ailegatzea (10:45), meza nagusia (11:00) eta, segidan, Corpuseko prozesioa izango dira.
Corpusetako bisita gidatu berezia egingo du aurten ere Turismo Bulegoak, 09:45ean, eta gaur, egubakoitza, da izena emateko azken eguna (943 78 34 53); gehienez ere 15 lagun hartuko dituzte. Sancti Spiritus Unibertsitatea erakutsiko dute lehenengo eta, segidan, Santa Ana antzokian San Miguel eta apostoluak nola janzten eta gertatzen dituzten ikusiko dute.
Hiru pieza berezi
Aurtengo Corpusetako protagonistetako bat musika izango da. Izan ere, Antonino Ibarrondo musikaria jaio zeneko mendeurrena ospatzeko, musika bandak prozesioa eta gero egiten duen kontzertuan, Foruen plazan, haren bi pieza joko dituzte: S.E.E.I. (martxa, oso gutxitan jotakoa) eta Korpus Eguneko Arku Dantza, Antoninok sekula entzun ez zuena eta domekan estreinatuko dutena. Jacob de Haan-en Concerto d'Amore ere joko dute.
Honela azaltzen du aukeraketa Inazio Ibarrondok, bandaren zuzendari eta Antoninoren semeak: "S.E.E.I. 1951 konposaturiko martxa da eta garai hartan Oñatiko bandan tronboia jotzen zuten Zabarte, Angel (orduan S-z idazten zuen abizena); Etxegoien, Teofilo; Etxezarreta, Bizente eta Igartua, Bizenteri eskainia. Bereziki metalezko instrumentuentzat prestatutako lana da. Korpus Eguneko Arku Dantza 1982an egindako obertura da. 12 minutu inguru irauten duen obraren lehen konpasetatik, dantzariek arratsaldean eskaintzen diguten Arku Dantzaren doinuak sumatuko ditugu. Instrumentu desberdinen artean gurutzatuko diren esaldiz osaturiko etengabeko kanona da. Dantzaren gaiarekin berehala lotuko dugun melodia entzungo dugu 3/4 erritmoan. Ondoren, binario erritmoko Allegro bat dator, arkuen nahaspila garatzen ari dela adierazten diguna. Jarraian, Presto bat dator obraren bukaera iragarriz".
Concerto d'Amore piezaz, honakoa dio: "Jacob de Haan autore holandarraren lana da. Urte honetako apirilaren 13an jo genuen lehengo aldiz Santa Anan. Zazpi minutu inguruko iraupena du eta entzuteko oso atsegina da".