ALBISTEAK

Ander Murua finalerako txartelaren bila ariko da domekan, Ogetan

Oier Zumarraga Aranburu

Javi Zabalaren aurka jokatuko du, eta material aukeraketan hautatutako pilota batekin "kezkatuta" agertu da.

Ander Murua pilotari arrasatearrak Javi Zabalaren aurka jokatuko du domekan Lau eta Erdiko Txapelketako finalerdia, Gasteizko Ogeta pilotalekuan. Profesionaletan bi urte besterik ez daramatza, eta maila nagusiko txapelketan lehen aldiz parte hartuta, finaletik garaipen bakarrera iritsi da. Gaur egin dute bi pilotariek material aukeraketa, eta Muruak argi utzi du konfiantzaz helduko diola partidari: "Irabazteko aukerak ditut, eta sinesten dut".

Ezustean iritsi da arrasatearra finalerdietara. Izan ere, txapelketa hasi aurretik B Seriean jokatzekoa zen, baina Dario Gomezen lesioak maila nagusian aritzeko aukera eman zion. Beñat Senarri 22-10 irabazi zion final-zortzirenetan, eta final-laurdenetako ligaxka ere garaipenarekin hasi zuen, Aitor Elordi 22-19 menderatuta. Peio Etxeberria egungo txapeldunaren aurka galdu zuen hurrengo norgehiagoka, baina azken jardunaldian lortu zuen finalerdietarako sailkatzea, Lizarran Joseba Ezkurdiari 22-20 irabazita.

Materialarekin "kezkatuta"

Gaurko material aukeraketan, bi pilotariek sentsazio desberdinak izan dituzte. Zabala gustura geratu da aukeratutako pilotekin; Muruari, berriz, aurkariak hautatutako pilotetako bat biziegia iruditu zaio.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak