Ander Murua: "Onenen aurka lehiatzeak errespetua ematen dit, baina nik dena daukat irabazteko"

Jokin Bereziartua Lizarazu

Ander Murua, Uarkapen, Maritxu Kajoi Eguneko partiduan.

A Serieko lau eta erdiko ligaxkan estreinatuko da bihar Murua, Aitor Elordiren aurka (Azkoitia, 18:30); ez da faborito, baina kaiolan sorpresa emateko sasoi onean dago

Aitor Mendizabal antzuolarra izan zen azken pilotari debagoiendarra maila nagusiko lau eta erdiko txapelketa lehiatzen, 2017an. Bihar, urriak 17, Ander Muruak (Arrasate, 2000) hartuko dio lekukoa, bihar abiatuko du-eta Muruak A Serieko lau eta erdiko ligaxka, Aitor Elordiren aurka, Azkoitian (18:30). Elordiren ondoren, Joseba Ezkurdiaren eta Peio Etxebarriaren aurka neurtu beharko ditu indarrak. "Izen handiko izar handiak" dira, Muruaren arabera. 

Zer sentitzen duzu maila nagusiko lau eta erdiko txapelketan lehen aldiz lehiatzeko bezperan?

Poz handia, ez dakit bestelako hitzekin adierazten. Erabateko sorpresa izan da, Dario Gomezen lesioagatik maila nagusiko lau eta erdiko kanporaketa jokatzeko zapatuan deitu zidatelako, partiduaren bezperan. 

Partidu borobila egin zenuen Senarren aurka (22-10); deia bezperan jasotzea ez zen eragozpen izan?

Ez da erraza jakitea zer den hobea: partiduaren atarian pentsatzeko denbora asko edo gutxi izatea. Kasu honetan, uste dut ondo etorri zitzaidala jasotako deitik partidura oso marjina txikia izatea, ondo entrenatuta eta sasoiko nago eta. Kontrara, denbora asko izan banu, akaso buruari buelta larregi emango nizkion... Egia esan, partidu borobila irten zitzaidan Beñat Senarren aurka; hasiera oso gogorra eta berdindua izan zen. Seina berdinduta geundela etorri zen inflexio-puntua; jokatzeko modua aldatu, tanto batzuk jarraian egin, eta hor apurtu zen partidua. Konfiantza handiarekin egon nintzen frontoian; ea zapatu honetan ildo beretik doan, aste barruan entrenamendu onak egin eta ahalik eta lasaien jokatzeko. 

Nolako aurkaria da Aitor Elordi?

Oso gogorra eta zaila izango da irabaztea, ziur. Ez dut sekula jokatu Elordiren aurka buruz buru; buruz buruko txapeldun izandakoa da eta udan oso maila handia erakutsi du. Nire onena ematen saiatuko naiz, helburua 22 tantora heltzea izango da eta. 

Lau eta erdikoa edo kaiola. Ezaguna zaizun modalitatea al da?

Afizionatu mailan ez nuen askotan jokatu, baina azken bi urteotan, profesionaletan nagoenetik, B Serieko lau eta erdikoan maila hobetzen joan naiz; txapelketa berezia prestatzen ari nintzela, astebete aurreratu zitzaizkidan lanak, baina eroso sentitzen naiz frontoian. Uda oso exijentea izan dut, eta uste dut horrek asko lagundu didala bizi duen une gozora heltzen; egia esan, sari itzela da A Serieko lau eta erdiko ligaxka lehiatu ahal izatea. 

Txapelketaren formatua ikusita, gutxienez bi garaipen beharko dituzu sailkatzeko. Erronka latza, ezta?

Halaxe da, bai. Hiru partidu dira ligaxkan, eta bi irabazi beharko ditut, gutxienez; partidu bakarra irabazita ia ezinezkoa da sailkatzea. Multzo bakoitzean lau pilotari gaude, eta bi sailkatuko dira finalerdiak jokatzeko. 

Badakizu zer den binakako txapela janztea B Seriean. Modalitate horretan zaude erosoen?

Nire modalitate kutuna da binakako txapelketa, baina lau eta erdikora egokitzeko ez daukat arazo handirik. Ekimena hartu eta erritmo biziena jartzen duenak asko dauka irabazita gaur egun; ea zapatuan ni naizen agintea hartzen duena, eta ez alde batetik bestera dabilena. 

Presio berezirik sentitzen duzu horren berezia den lehiaren atarian?

Izen handiko izar handiak daude, egungo pilotari onenak, eta horrek bai ematen dit errespetua. Hala ere, nik dena daukat irabazteko eta oso gutxi galtzeko; joan den domekako txiparekin irtengo naiz frontoira, baliatu beharreko aukera ona dela sinistuta.

Finalerdiak dituzu helburu, ala?

Bai; irabaztera irtengo naiz. Badakit oso zaila izango dela, baina finalerdietan egon nahi dut. 

Eta lortuz gero, nor nahiko zenuke izan aurkari finalerdietan?

Ez daukat gogokorik edo ilusio berezirik egiten didan aurkaririk. Maila honetan denak dira izar handiak; nire multzoan hiru txapeldun daude [Aitor Elordi, Joseba Ezkurdia eta Peio Etxeberria]. Edozein aurkari izango da oso gogorra; oso txapelketa azkarra da lau eta erdikoa, akatsak egiteko aukerarik ematen ez duena. Erabat kontzentratuta egotea eta, aldi berean, burua hotz izatea inoiz baino garrantzitsuagoak izango dira. 

B Serieko binakako txapelarekin batera zure lorpen handiena da hau? 

Sari handia da, bai. Hona heldu ahal izateko lan asko egin dut. Emaitzek batzuetan laguntzen dute eta beste batzuetan ez; uste dut lortu dudala emaitzek laguntzen ez zutenean ez erortzen eta emaitzak onak zirenean ez harrotzen. Datorrena lasai hartzea eta eguneroko lanean hobetzea izan dut begiz jota une oro, eta uste dut badabilela fruituak ematen. 

Heldu zaren lekura helduta, beti dago ondo atzera begiratu eta nondik zatozen gogoratzea. Baduzu, bereziki, inor gogoan?

Laguntza faltarik ez dut izan nire ibilbide osoan, eta gaur egun ere ez zait babesik falta ondoan, baina aitak pasatu ditu ordu gehien nirekin frontoian; haren eguneroko laguntza barik ez nintzateke hemen egongo.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak