Lau eta erdiko txapelketan, Dario lesionatuaren ordez sartu ondoren, sekulakoa lortu du Ander Murua pilotari arrasatearrak. Lizarran, partida erabakigarria jokatu du gaur Arrasatekoak, eta Joseba Ezkurdiari 22-20 irabazi dio, tentsio handiko partidan.
Elordiren aurka ligaxkako lehen norgehiagoka irabazita eta Peio Etxeberriak Elordiri atzo 22-11 irabazi ostean, Muruak 20 tanto behar zituen finalerdietara sailkatzeko. Izan ere, Ezkurdiaren aurkako porrotarekin ere sailkatzeko aukera izan ditu Arrasatekoak. Baina Lizarrako Remontival pilotalekuan erakustaldia eman du Ander Muruak.
Goizean, Arrasaten, balentria lortzeko "itxaropentsu" zegoela, baina "erronka oso zaila" izango zela aipatu dio Muruak GOIENAri. Behin ametsa lortuta, partida bukatu ostean, "oso hunkituta" azaldu da Murua: "Kristoren saria da niretzat pilotari hauekin lehiatzen ibiltzea. Hasieratik helburuak jarri behar nituela esan nuen, eta beste astebete iraungo du niretzako txapelketak. Oso hunkituta nago. Amets bat da niretzat. Pilotari hauek nire idoloak izan dira, eta haiekin lehiatzen egotea sekulakoa da".
Lehia bizia
Pilota erakustaldi bikaina eskaini dute Muruak eta Ezkurdiak Lizarrako Remontivalen. Arrasatekoak bikain hasi du norgehiagoka, erasokor eta ausart, eta markagailuan 1-4ko aldea lortu du. Ezkurdia partidan sartzen joan da pixkanaka eta Arbizukoak 5-0eko partziala lortu du, markagailua 6-4 iraultzeko. Hala ere, Muruak bere partidako planari eutsi dio, eta erasoan jarraitu du 6-7 berriro aurrea lortzeko.
Ezkurdiak pilotari handia dela erakutsi du ere kantxan, eta nafarrak arriskatu egin du erasoan (11-11). Partida oso pareko joan da, bi pilotariek ederki bukatu dituztelako euren aukerak, baina Ander Muruak arriskatzen jarraitu du eta 14-16ko abantaila lortu du. Ezkurdiak berriz ere markagailua irauli du (17-16), eta hor azaldu da arrasatearraren ezker gantxoa, tanto erabakigarriak eskuratzeko (17-20).
Behin 20. tantora helduta, eta sailkatzea poltsikoratuta, apur bat erlaxatu egin da Ander Murua, baina azkenean garaipena ere lortu du Aspeko pilotari arrasatearrak (20-22).
Zabala, finalerdietan
Ander Muruaren aurkaria Javi Zabala izango da, Gasteizko Ogetan edo Donostiako Atano III frontoian jokatu den finalerdian –erabakitzeko dago–. Zabala final-laurdenetako beste multzoko lehen bezala sailkatu da finalerdietara, Jokin Altunari eta Jon Ander Peñari irabazi ostean. Gainera, iazko Lau eta erdiko txapeldunordea da errioxarra, eta, beraz, aurkari gogorra izango du Muruak.