Arrasateko Udalbatzak aho batez onartu zuen joan den asteko osoko bilkuran Iturripeko kiroldegi berria eraikitzeko lanen esleipena. Construcciones Mariezkurrena eta Construcciones Artzamendi enpresek osatutako Aldi Baterako Enpresa Elkarteak edo UTE Iturripek egingo ditu lanak, 29,5 milioi euroren truke, BEZa barne. Exekuzio-epea 30 hilabetekoa izango da, eta Udalak urte amaitu aurretik obrei ekitea aurreikusi du.
Iturripeko lursailaren jabetza-aldaketa
Aurreko astean, hilaren 14an zehazki, Maider Morras Arrasateko alkateak eta Aritz Otxandiano Gizabidea Fundazioko zuzendariak Iturripeko lursailaren jabetza-aldaketa sinatu zuten notarioaren aurrean. Hitzarmen horri esker, lursaila Udalaren jabetzakoa da dagoeneko, eta Jabego Erregistroan ere inskribatu dute.
Proiektua gauzatzeko lehen urratsa eraisketa-lanekin hastea izango da. Udalaren asmoa da urte amaitu aurretik itxiturak jarrita izatea, baina aurretik hainbat prestaketa-lan egin beharko dituzte. Kiroldegi berriak kirol-instalazio modernoak eta egokiak izango ditu, eta, horrez gain, eremuan hiri-parke berri bat sortzea eta ibai-ertza birnaturalizatzea aurreikusten dute.
Kirol taldeak beste instalazio batzuetara
Obrek eragina izango dute Iturripe erabiltzen duten kirol taldeetan eta ikastetxeetan. Gutxienez bi urte eta erdiz beste instalazio batzuetan jardun beharko dute Leintz Eskola Kirolak (LEK), Arrasate eskubaloi taldeak, Ixotu irristaketa taldeak eta Ointxe saskibaloi taldeak. Herriko hainbat ikastetxek ere Iturripe erabiltzen dute gorputz hezkuntzako saioetarako.
Lekualdaketen antolaketan, Arrasate eskubaloiren kasua izan da zailena. Musakolako kiroldegiaz gain, Arrasaten ez dago eskubaloian jokatzeko moduko beste pistarik, eta horregatik, Almen ikastetxeko kantxa egokitzeko inbertsioa egin da. Hala ere, eskubaloi taldeko arduradunek zalantzak agertu dituzte kantxaren segurtasunaren inguruan, eta Udalari jakinarazi zioten, iraila amaieran, egungo egoeran, ez dutela instalazio hori erabiliko.
Saskibaloi taldeek ere egokitu beharko dituzte euren entrenamenduak eta partiduak. Jada, lehen taldeek Aretxabaletako Ibarra kiroldegia erabiltzen dute, eta beste taldeek, berriz, Musakola, Arrasateko institutuko kantxa eta Antoñako instalazioak erabiliko dituzte.
LEKekoek Musakolan eta Arizmendi ikastolan entrenatuko dute; Ixotuk Iturripeko frontoia erabiltzen zuen entrenatzeko, eta Musakolara mugituko dira; eta ikastetxeetako gorputz hezkuntzako saioak Uarkape eta Musakola artean banatu dira. Musakolako ordutegia ere zabaldu egingo dute asteburuetan, taldeen beharrei erantzuteko.