Iturripeko lursaila Arrasateko Udalarena da

Eneko Azurmendi Barrena

Aritz Otxandiano eta Maider Morras, hitzarmena sinatzen.

Notarioaren aurrean jabetza aldaketa sinatu dute Maider Morras alkateak eta Aritz Otxandianok, Gizabidea Fundazioko zuzendariak. Ondo bidean, bihar egingo duten osoko bilkuran esleituko dituzte kiroldegi berria egiteko lanak.

Arrasateko Udalak "urrats ezinbesteko eta erabakigarri" bat eman du Iturripe berria egiteko. Joan den astean notariotzan sinatu zuten maiatzean Arrasateko Udalak, Gizabidea Fundazioak eta Garaia Parke Teknologikoak lortutako hiruko hitzarmen administratiboa. Sinadura eta izendapen aldaketa formal horri esker, Iturripeko lursaila dagoeneko Udalaren jabetzakoa da, eta, hau, Jabego Erregistroan ere inskribatu dute.

Jabetza aldaketa "ezinbestekoa" da Udal Gobernuarentzat, proiektu estrategikoa gauzatu ahal izateko. Hala, bihar osoko bilkuran lanak esleitu ostean, eraikuntza-obrak urte amaierarako hastea da aurreikuspena.

Lursail aldaketa

Hiru aldeen arteko akordioaren ondorioz, lursailaren jabetza lortuta, Udalak kirol-azpiegitura "modernoak eta egokiak" garatuko ditu egungo eremua eraldatuz, "herritarrei gutxieneko zerbitzuak bermatzeko eta udalerriko kirol-eskaintza modernizatzeko". Azkenik, kirol-instalazioez gain, eremuan hiri-parke berri bat egingo dute eta ibai-ertza birnaturalizatu, "ibaiarekiko harreman zuzena ahalbidetuz".

Gizabidea Fundazioarena zen Iturripeko partzela eta Arrasateko Udalarena zen Garaia Parke Teknologikoko ESLD1 finka trukatu dituzte. "Garaia parkea egokituko da. Trukaketa hori ahalbidetzeko, Garaiak uko egin dio ESLD1 lursailaren gainean zuen administrazio-emakidari, eta haren alde azalera-eskubide bat sortu dute, haren jarduera bermatuz".

Udalak eskerrak eman dizkie beste bi erakundeei eta, nabarmendu du, elkarlanari esker, "bakoitzaren etorkizuneko proiektuak uztartzea eta herri-intereseko ekimen horri bidea zabaltzea" lortu dela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak