"Aurkezten duguna kiroldegi bat baino askoz gehiago da: elkargune berde eta jasangarria da, etorkizuneko Arrasateren hirigintza eredurako jauzi kualitatiboa", azaldu du Arrasateko alkate Maider Morrasek gaur arratsaldean egin duten Iturripe Berria proiektuaren aurkezpenean, eta gaineratu du Iturripeko espazio berriak "aro berri" bat zabaltzen duela. Aurkezpenean batu dira kiroldegi berriaren erabiltzaileak izango diren herriko hainbat kirol taldeetako ordezkariak.
Kiroldegi berria
Kirol instalazioei dagokienez, Kiroletako zinegotzi Mikel San Miguelek azaldu du eraikin berria lau solairutan egituratuko dela, eta 12.000 metro koadroko azalera izango duela. Hainbat kirol klubek erabiliko dituzte azpiegitura horiek, baina zehaztu dute kiroldegiko bazkideentzat ere erabilgarriak izango diren espazio ugari ere egongo direla.
-1 solairua, esaterako, osorik izango da kirol taldeentzat eta 400 ikusletik gorako edukiera izango duen 1700 m²-ko kantxa nagusia; hamasei aldagela; klubentzako biltegiak; tatamia; eta klubentzako gimnasioa hartuko ditu.
Beheko solairuan, aldiz, bi frontoi egongo dira, bata irekia eta bestea itxia. Bertan egongo dira baita ere kirol-bazkideentzako sarrera nagusia eta herritar guztiei zabalik egongo den taberna.
Lehenengo solairuak, bestalde, bigarren kantxa nagusia hartuko du; horrek ere, 400 ikusletik gorako edukiera eta 1700 m²-ko azalera izango du. Kirol biltegiak, aldagelak eta teknikarientzako bulegoak ere bertan egongo dira.
Bigarren solairuan 650 m²-ko gimnasio nagusia egongo da muskulazio eta kardiorako ekipamendu berrienarekin. Azaldu dutenez, horrek Musakolako gimnasioaren lekukoa hartuko du.
Bukatzeko, hirugarren solairuak ikastaroetarako edota talde ezberdinek erabiltzeko, kirol anitzetarako gelak izango ditu, spinning edota zunba, esaterako, eta han egongo da frontoiaren gaineko terrazarako sarbidea ere.
Arrasateko Udaleko ordezkariek jakinarazi dute eraikin berrian egoitza izango dutenak, besteak beste, honako hauek izango direla: Ointxe, Mondrate, Arrasate Eskubaloi, Ixotu hockey taldea, Arrasate Pilota Taldea, Arrasate Dragoi Gimnasia Taldea, Desoreka, Arrasate Judo Elkartea, Leintz Eskola Kirola eta ikastetxeak –horietako batzuek gaur egun ez dute Iturripe erabiltzen–. "Bestalde, aurrekontuagatik eta espazio faltagatik, padeleko pistak, adibidez, ezin izan ditugu sartu; baina AKErekin elkarlanean ari gara etorkizuneko pistak non kokatu aztertzen".
Hiri-parkea eta ibaiaren berreskuratzea
Hirigintza, Trantsizio ekologiko eta Mugikortasun zinegotzi Garazi Etxebarriak ere zehaztu du Iturripe Berria ez dela bakarrik kiroldegi berri bat izango: "Hiri-parke baten kokatuta dagoen kiroldegia izango da, herritar orok erabili eta gozatzeko aukera izango duen diziplina askotariko espazioa, babesleku klimatikoekin".
Etxeberriak hiri-parkeak izango dituen elementuak ere azaldu ditu. Hala, berdegune zabalak eta zuhaitz ugari; anfiteatro formako gunea; txikientzat haur-parkea; unibertsitatearen eta kiroldegiaren artean berdegune eta elkargune berriak; bizikletentzako aparkaleku estaliak; eta kiroldegiaren ordutegitik independentea izango den taberna irekia egongo dira hiri-parkean.
Ibaiaren ertza, halaber, berrantolatu egingo dute. Izan ere, egungo frontoia lekuz aldatuko dute eta ibilgua zatika ubidetik atera eta baretu egingo da, udal ordezkarien esanetan, "herritarrengana hurbilduz eta ibaiarekiko bizikidetza berria sortuz".
Gaineratu dute eraikina energetikoki "ia nulua" izango dela eta Arrasateko babesleku klimatikoen sarea "pieza garrantzitsu" bilakatuko dela.
Epeak eta aurrekontua
Epeei dagokienez, azaldu dute aurreikuspenak direla 2026ko urtarrilean edo otsailean obren exekuzioa lehiaketara ateratzea; maiatzean edo ekainean obrak esleitzea; eta urte bereko udan gutxi gorabehera "bi urte eta erdiko" iraupena izango duten lanak hastea. Zehaztu dute, baita ere, aurtengo denboraldia oraingo Iturripen bukatu ahalko dutela kirol taldeek.
Gaineratu dute lanen hasierako aurrekontua 24 milioi euro (BEZ gabe) izango dela, nahiz eta behin betiko prezioa abenduan jakingo den, "proiektuaren azken bertsioa ixtean".