Ogasun zinegotzi Joseba Ezpeletak azaldu zuen atzoko ezohiko bilkuran berrikuntza nagusietako bat dela ordenantza fiskalen eguneraketa pentsioen igoerarekin lerrokatuko dela aurrerantzean, "estimazioak albo batera utzita". Eta beste nobedade esanguratsuena da etxe hutsen errekargua %100era igoko dela etxe horiek alokairu-merkatuan jartzea bultzatzeko. Horrez gain, zaborraren tasa %4,15 igoko dute. "Legeak esaten digu zaborraren tasa igo beharrean gaudela; aldi berean, baina, zabor asko sortzen ez duten merkatari txikientzat-eta jaitsiera nabarmen bat proposatzen dugu. Hainbat aspektu landu ditugu benetan herritarrek eskatzen zituztenak", dio EH Bilduko bozeramaile Kepa Urteagak.
EAJren eta PSE-EEren kontrako botoa zergei eta tasei
Oposizioak Udal Gobernuaren proposamenaren kontra bozkatu zuen. Alderdi sozialistarentzat, hain justu ere, zaborraren tasa hori da marra gorria; diote Oñatiko eta Antzuolako atez atekoagatik arrasatearrek gehiago ordaintzea onartezina dela. "Ni antzuolarra izanda, nire kalterako bada ere, ez zait ondo iruditzen arrasatearren zaborraren zerbitzuagatik gehiago ordaintzea, bere garaian atez atekoari ezetz esan ziotenean", esan du PSE-EEko Johanna Sanchezek.
EAJk ere ez du Gobernuaren proposamena begi onez ikusten eta, besteak beste, Bilbon eta Gasteizen martxan dagoen tarifa laua proposatu dute, diotenez, hileroko ordainketa sistema batek ekonomia hobeto antolatzea eta lasaitasun handiagoz planifikatzea ahalbidetuko lukeelako. "Gobernuarena ez den beste eredu fiskal bat daukagu. Gobernuak zazpigarren igoera proposatu du eta gu ez gaude igoera orokorren alde; zerga eta tasa bakoitza banan-banan aztertu beharko litzateke [...]. Tarifa laua urtebetean edo bi urtetan ezarri ahalko litzateke; bereziki herritarrei aukera zabalagoak eskaintzeko ordainketak egiterakoan, eta baita ere Udalari erraztasunak jartzeko".
Elkarrekin Podemoseko Eva Abuinek Udal Gobernuak progresibitatearen alde egiten duen apustuan jarri zuen arreta: "Bi eredu argi ikusi dira. Gurea, EH Bildurena bezala, fiskalitate progresibitatearen aldekoa da; oposizioarena, ez. Etxe hutsen errekargua ere nobedade bezala ekarri dugu".
Kreditu aldaketa aho batez, eta jeltzaleen emendakinei ezetz
Ordenantza fiskalekin batera, 3,5 milioi euroko kreditu aldaketa bat onartu zen atzo aho batez. Bost inbertsio esanguratsu aurreikusten dituzte, eta diru gehien Gorostizako igogailuetara bideratuko da: 2.415.000 euro. EAJk alde bozkatu zuen baina bi emendakin aurkeztu zituen, Gorostizarako eta Udala Goikorako inbertsio handiagoak eskatzeko batetik, eta Txiki-Txokoa handitzeko eta Kulturateko klimatizazioa konpontzeko proiektuak berandu datozela adierazteko, bestetik. "Txiki-Txokoa ez da aurtengo negurako egongo eta Kulturaten hotz egingo du. Gobernuak oso berandu heldu die bi proiektu hauei; aukera zegoen alkatearen dekretu bidez uda baino lehenago esleitzeko, eta orain lanak martxan egongo ziren", uste du Garayk.
Iturripe berrirako lanak, esleituta
Eta, inbertsioekin jarraituz, aho batez onartu zen Iturripe berria gauzatuko duen enpresaren esleipena. Construcciones Mariezkurrena eta Construcciones Artzamendi enpresek UTE Iturripe edo Aldi Baterako Enpresa Elkartea sortu dute proiektu hau gauzatzeko eta lanak esleitu zaizkie 29 milioi euro eta erditan (BEZ barne), eta 30 hilabeteko exekuzio epearekin. Lanei urtea amaitu aurretik ekitea aurreikusten dute. "Oso proiektu luzea eta garrantzitsua da, seguruenik Arrasateko azken hamarkadetako garrantzitsuena; bai, behintzat, ekonomikoki. Horrez gain, baina, oso garrantzitsua suposatuko duen eraldaketagatik [...]. Obra esleitu berri dugu eta lehen urratsa izango da eraisketa lanekin hasteko; nahiko genuke urtea amaitu aurretik itxitura guztiak jarrita egotea, izan ere, obrari ekin aurretik hainbat prestaketa lan egin beharko dira".
Amaitzeko, EAJk eta sozialistek Ertzaintzari eta Udaltzaingoari babesa adierazteko mozioak ez zuen aurrera egin, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek kontra bozkatu ostean.