Etxe hutsei zerga bikoiztu nahi die Arrasateko Udal Gobernuak, ohiko bizitoki ez direnak merkaturatzeko

Jokin Bereziartua Lizarazu

Etxe-bloke bat Otalora Lizentziaduna kalean. 

Iazko azarotik abendura arteko KPIren igoera hartuko du aintzat Udal Gobernuak 2027ko zergak eta tasak eguneratzeko. Urriaren 15ean dira onartzekoak; azken ordukorik ezean, oposizioak kontra bozkatuko du. 

Urriaren 15eko ezohiko osoko bilkuran onartuko dira 2027rako ordenantza fiskalak. Ogasun zinegotzi Joseba Ezpeletaren arabera, berrikuntza nagusietako bat da udal zergen eta tasen eguneraketa pentsioen igoerarekin (KPI) lerrokatuko dela aurrerantzean, "estimazioak albo batera utzita". Alegia, tasak eta zergak 2025eko azarotik abendura bitartean KPIk izan zuen ehuneko berean igoko dira 2027an, pentsioak eguneratzeko aplikatuko den igoera bera erabilita.

Gainera, etxe hutsen errekargua %100era igoko da –%50ekoa zen orain arte–, "etxe horiek alokairu-merkatuan jartzea bultzatzeko", eta tasa turistiko berria, orokorrean, gutxieneko mailan ezarriko da; salbuespena izango dira etxebizitza turistikoak, gehienezko karga izango dutela. "Neurri fiskal berri horien helburua da herritarren beharrei erantzutea, bereziki etxebizitza eskuratzeko aukerei atea zabaltzeko eta zerga sistema bidezkoagoa finkatzeko", dio. 

Etxe hutsak merkaturatzea

Ezpeletak azaldu duenez, etxe hutsei ondasun higiezinen gaineko zerga (OHZ/IBI) bikoiztearen helburua ez da dirua biltzea, baizik eta ohiko bizitoki ez diren etxe huts horiek alokairu-merkatura ateratzea: "Bizi-larrialdi testuinguru honetan, tresna publiko guztiak erabili behar dira etxebizitza-eskaintza handitzeko. Konponbidea ez da etxe gehiago eraikitzea soilik, merkatuan interbenitzea eta hutsik dauden etxeak merkaturatzea baizik. Etxebizitzak ezin dira inbertsio edo espekulazio ekonomiko gisa ulertu; pertsona orok bizi-proiektu bat garatzeko duen ezinbesteko eskubidea dira". 

Ez dago erroldaturik 1.045 etxetan; duela bi urte, Etxebiden, 1.190 alokairu-eskaera zeuden

Udalaren errolda-datuen arabera, Arrasaten 1.045 etxebizitzatan ez dago inor erroldatuta; alegia, parke osoaren %9,7: "Nolanahi ere, txostenak dio horietako askok noizbehinkako erabilera edo erabilera erdi-egonkorra dutela". Kontrara, azken datuen arabera, Etxebiden erregistratuta dauden alokairu-eskatzaileen artean 1.190 etxebizitza-eskaera zeuden aktibo 2024ko urriaren 1ean. "Estimazioen arabera, hutsik dauden etxebizitza-kopurua merkaturatuko balitz, eskatzaile gehiengo handi bati aterabidea emango litzaioke". Gainera, Udalak gogorarazi du Eusko Jaurlaritzako Bizigune programak etxe hutsak alokairu-merkatuan sartzea sustatzen duela, "jabeentzat berme eta segurtasun handia" eskainita.

Aldundiak, tasa turistikoa

Gipuzkoako Diputazioaren araudi berriak eraginda, Udalak egonaldi turistikoen gaineko zerga berria ezarriko du 2027ko urtarrilean: "Arrasatek ez du turismo-masifikazio arazorik, eta ostatu gehienei ezar dakiekeen tasa txikiena aplikatuko zaie". Salbuespena dira etxe turistikoak; horiei gehienezko tasa ezarriko zaie; alegia, etxe turistiko osoa edo logelaka alokatzen duen jabeei 6,50 euroko tasa ezarriko zaie pertsonako eta eguneko.

Azkenik, ekitaldia oraindik amaitu ez bada ere, 2026an ezarritako progresibitatearen gaineko balorazio positiboa egin du Gobernuak: "Elkartasun eta justizia sozial irizpideak txertatzen ditugu fiskalizazioan, gehien behar dutenak babesteko; bide horretatik jarraituko dugu".

EAJren hileroko tarifa laua

EAJk proposatu du zergak eta tasak ordaintzeko hileroko tarifa lau bat sortzea. "Neurri horren bidez, urteko ordainketa handiak banatu ahalko lirateke, eta errazagoa izango litzateke IBI [OHZ], ibilgailuen zerga, ur edo hondakinen tasa eta halako ordainketei aurre egitea. Badakigu ordainagiri batzuek ahalegin handia eskatzen dietela familia batzuei. Hileroko ordainketa sistema batek ekonomia hobeto antolatzea eta lasaitasun handiagoz planifikatzea ahalbidetuko luke", dio jeltzaleen bozeramaile Ander Garayk. 

EAJk hileroko tarifa laua nahi du: "Ez da bidezkoa herritarren ahalegina handitzea, gerakina ikusita"

Gainera, EAJk proposatzen du, besteak beste, igoera orokorrik ez aplikatzea eta uraren tasaren igoera Udalak "benetan" jasaten duen kostuaren araberakoa izatea. Garayk uste du ez dela bidezkoa arrasatearrei "ahalegin handiagoa" eskatzea: "Familia askok ahalegin handia egin behar dute hilabete amaierara iristeko. Bitartean, EH Bilduk urtez urte zerga eta tasen igoera orokorrekin jarraitzen du. Ez da bidezkoa herritarrei ahalegin handiagoa eskatzea; izan ere, Udalak 16 milioi eurotik gorako gerakina dauka pilatuta, eta, gainera, azken hiru urteetan baliabide horiek ez dira Arrasatek behar dituen hobekuntza eta inbertsioetan islatu". Era berean, EAJk dio zerga eta tasa bakoitzak bere errealitatea duela eta ezin dela urtero igoera modu automatikoan aplikatu: "Zerbitzu bakoitzak bere egoera du, eta arduraz aztertu behar da. Politika fiskala ezin da gehiago biltzera soilik mugatu; baliabide publikoak hobeto kudeatu eta herritarren ahaleginari erantzun behar dio". Azken orduko akordiorik ezean, proposamenaren aurka bozkatuko du EAJk.

PSE-EE: zaborra, marra gorria

Aldaketarik ez badago, PSE-EEk ere kontra bozkatuko du. Sozialistak ados daude EH Bilduren proposamenaren "%90ekin", baina zaborrak marra gorria dira haientzat: "Ez da bidezkoa guk Oñatigatik eta Antzuolagatik gehiago ordaindu behar izatea. Ez da bidezkoa arrasatearrek uko egin dioten zabor-sistema batengatik [atez atekoa] zerbitzua garestiagoa izatea". Sozialisten zinegotzi Johanna Sanchezek dio datuak ez dituztela garaiz jaso: "Duela urtebete eskatu genituen datu horiek, eta orain datoz. Zuen betebeharra da oposizioari informazioa ematea, eta ez diguzue eman. Nork agintzen du Mankomunitatean? Nork hartzen ditu erabakiak zaborren bilketan? Nork erabakitzen du zaborra biltzeko modua? Zuek. Ezin dugu jokabide hori onartu". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak