Arrasate dagoeneko San Juan jaietarako motorrak berotzen hasi da eta urtero legez egitarau osatua aurkeztu dute gaur, Udalak eta herriko hainbat eragilek elkarrekin. Antolatzaileen esanetan, aurten ahalegin berezia egin dute haur eta gazteentzako eskaintza indartzeko eta herritarren ekarpenak egitarauan txertatzeko.
Andoni Arratibel Kultura zinegotziak eskerrak eman dizkie jaiak posible egiten dituzten eragile eta norbanakoei: "Eskerrak eman nahi dizkiegu Udaletik, beraien prestutasunarekin jaiak antolatzen dituzten eragile eta norbanako guztiei; eta herritarrak animatzen ditugu ekintza guztietan parte hartzera".
Berrikuntza eta hobekuntzak
Aurtengo egitarauak hainbat berritasun dakartza. Horietako esanguratsuena izango da San Juan jaietara ongietorria emateko ekitaldia. Lehen aldiz, iazko ekainetik hona jaiotako arrasatear txikiek jaietako zapi txikia jasoko dute Udaletxeko Osoko Bilkuren Aretoan egingo den ekitaldian. Ondoren, familia guztiek argazki bateratua aterako dute Erraldoiekin batera Udaletxe aurrean. Antzeko ekimenak dagoeneko egiten dira Bergaran eta Oñatin.
Bestalde, zezen plazarako sarreren salmentan ere aldaketak izango dira. Entzierroen aurretik sortzen diren ilara luzeak saihesteko asmoz, egun bakoitzeko 500 sarrera aurrez salduko dira eta beste 500 inguru egunean bertan jarriko dira eskuragarri. Aurretiazko salmentak ekainaren 13an eta 20an egingo dira, 11:00etatik 13:00etara.
Egitaraua kontsultatzeko bide digitalak ere zabaldu ditu Udalak. Herritarrek programazioa udal webgunean PDF formatuan, Arrasatentril agendan eta udal aplikazioaren bidez kontsultatu ahal izango dute datozen egunetan.
Aurten ere AEDk antolatutako bertso jaialdia Arotz Plazan izango da, Irati tabernaren ondoan. Bertsotan: Irantzu Idoate Funosas, Etxahun Lekue Etxebarria, Joanes Illarregi Marzol eta Ane Zuazubiskar Iñarra izango dira; gai jartzaile berriz, Olatz Zuazubiskar Iñarra.
Olinpiadak hazten
Gazte Olinpiadek indartsu jarraitzen dute. Hirugarren urtez egingo dira aurten, eta parte-hartze markak hautsi dituzte berriz ere: 1.000 gazte bilduko dira guztira, 68 kuadrillatan banatuta, iaz baino 150 parte-hartzaile gehiago izango dira. Garazi Larrea Olinpiadetako antolatzaileak azpimarratu du "beterano kuadrila bat" apuntatu dela aurten.
Aurtengo txokoak Zaldibar, Monterron, Biteri eta Herriko Plaza izango dira. Finala Monterronen jokatuko da eta jarraian izango dira aurten berrikuntza moduan egingo diren kontzertuak: Fito Skins eta Gozategi.
Haurrentzako eta gazteentzako egitaraua indartuta
Haur eta gazteen eskaintza izango da aurten ere jaietako ardatz nagusietako bat. Guraso elkarteen eta ikastetxeetako asanbladen ekarpenak kontuan hartuta osatu dute programa, eta ohiko hitzorduak jarduera berriekin elkartu dituzte.
Ekainaren 13an haurren danborradak emango dio hasiera txikienen egitarauari, eta biharamunean Arrasateko Dantzari Eguna ospatuko dute. Jaietan zehar ez dira faltako erraldoiak, kilikiak, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizuna edo haur eta gaztetxoen festa eguna.
Hirugarren urtez jarraian, doako puzgarriak ere izango dira Biteri plazan, barraken hutsunea betetzeko helburuarekin. Uretako puzgarriak ere izango dira eskaintzaren parte.
Nerabeei begira, berriz, eskaintza berezia prestatu dute. Diskofestak, Roller, BMX eta scooter freestyle ikuskizunak, DJ saioak eta kontzertuak izango dira, Gaztelaru eta Eguzkilaru programen barruan. Helburua da 8 eta 15 urte bitarteko gazteek jaietan protagonismo handiagoa izatea.
Kontzertuak, guztientzat
Musikak presentzia handia izango du aurten ere San Juanetan. Kontzertu eta ikuskizun gehienak hiru gunetan banatuko dira: Txosnagunea, Herriko Plaza eta Monterron parkean.
- Jai giroa ekainaren 19an piztuko da kantu afariarekin. Afalostean, Sei Pistols eta Trabubo Bat taldeak arduratuko dira giroa berotzeaz.
- Ekainaren 20an, berriz, Monterron parkeak hartuko ditu lehen kontzertu handiak. 21:00etatik aurrera, Fitoskins eta Gozategi taldeak igoko dira oholtzara
- San Juan bezperan, ekainaren 23an, Zatekeen taldearen erromeria izango da Txosnagunean.
- Ekainaren 24an, musika eskaintza zabala izango da. Eguerdiko 13:00etan, Arrasate Musikaleko Bandak urteroko kontzertua eskainiko du Monterronen. Gauean, 23:15ean, bi aukera izango dira: Monterron parkean Fillas de Cassandra taldearen kontzertua, eta Herriko Plazan Oxabiren dantzaldia.
- Ekainaren 25ean, berriz, gazteentzako doinuak nagusituko dira. Txosnagunean, 22:00etatik aurrera, Bele, Maruxak eta Brigade Loco taldeek hartuko dute lekukoa. Herriko Plazan, aldi berean, Oihan Vegaren diskofesta izango da.
- Ekainaren 26an 20:00etan, Herriko Plazan, La Perra Blanco izango da protagonista. Gauean, 22:00etatik aurrera, Txosnagunean, Etxepe, La Txama eta Merina Gris taldeek joko dute.
- Ekainaren 27an, Monterron parkeak emango dio amaiera musika programazioari. Gorka Hermosaren eskutik, Hauspoa eta Tunela kontzertu-dokumentalaren aurkezpena egingo da. Oholtzan lagun izango ditu, besteak beste, Kepa Junkera, Ines Osinaga, Maixa Lizarribar, Garikoitz Mendizabal, Iñaki Barrena, Irati Gutierrez, Lore Gazteak, Txikitxu Arrostaitz, Zumarragako Trikitixa, Trikitixa Eskola eta Ttakun.
Izen-emateak eta zozketak
Maddi Martinen kartela
Aurtengo San Juan jaien irudia Maddi Martin Olaskoaga bergararraren eskuetatik iritsi da. Piztu jaietako sua izeneko lanarekin irabazi du kartel lehiaketa. "Sanjuanetako ekintzen eta herritarren garrantzia azpimarratu nahi izan dut", dio egileak.
Aurrekontua, "antzekoa"
San Juan jaietarako aurrekontua 284.690 eurokoa izango da aurten. Udalaren arabera, iazkoaren "antzeko kopurua" da, nahiz eta 6.619 euro gutxiago bideratuko diren, hau da, %2,2 inguruko jaitsiera izango da. Adierazi dute aurrekontuaren murrizketa txiki horrek ez duela eraginik izango programazioaren tamainan.