ALBISTEAK

Ander Murua: "Pena da horrela bukatzea denboraldia baina harro egoteko modukoa izan da"

Olaia Milikua 2026ko maiatzaren 25a

Ander Murua arrasatearra B serieko buruz buruko txapeldunorde da. Zapatuan jokatu zuen finala Amianoren kontra, Labriten, eta 22-7 nagusitu zen irundarra. Amiano zen faboritoa eta Murua gogotik saiatu arren, ezin izan zion aurre egin. Partiduaren ondoren, lasaiago, penatuta baina harro agertu da egindako denboraldiarekin.

Hasieratik hartu zuen Amianok agintea markagailuan, atsedenaldira 12-5eko aldearekin helduta. Muruak, saiatu arren, ez zuen partidari berriro heltzeko modurik aurkitu. Izan ere, Amiano erritmoari eutsi eta puntuz puntu aldea handitzen joan zen. Amaiera aldera arrasatearrak pare bat tanto egin zituen, baina beranduegi zen neurketa iraultzeko. Horregatik, izandako aukerak aprobetxatu ez izanaren pena du Muruak. 

Zaleen babesarekin eskertuta

Txapela Irunera joan da baina arrasatearrak beti izango dugu gogoan zaleek emandako babesa. Lagun eta senitarteko asko joan ziren zapatuan Iruñeko Labrit pilotalekura, Goizetik nabari zen giro berezia, eta harmailetan elkartutako arrasatearren animoak etenik gabe entzun ziren partidaren hasieratik amaierara arte. Txaloak, oihuak eta kantuek giro beroa sortu zuten une oro, Murua etxean bezala senti zedin.

Neurketaren ostean, zaleak pilotaleku kanpoan elkartu ziren Muruari harrera beroa egiteko. Giro hunkigarria sortu zen eta aurreskua ere dantzatu zioten txapeldunordeari. Hain zuzen ere, Irene Muruak, Anderren arrebak, Nerea txintxurreta izebarekin batera eskaini zion. Txalo artean hartu zuten arrasatearra, finalera iristeko egindako lan guztia eskertzeko.

Etorkizunera begira ilusioz

Denboraldiko azken txanpa bizi eta intentsuaren ostean, atseden hartzeko garaia iritsi zaio Muruari. Pilotari arrasatearrak azaldu duenez, datozen egunetan erritmoa pixka bat jaisteko aukera izango du, eta hori ezinbestekoa izango da azken hilabeteetako neke fisikoa zein mentala arintzeko.

Hala ere, Muruak ilusioz begiratzen dio datozen hilabeteei eta baita hurrengo denboraldiari ere. Finalean bizitako esperientziak eta urte osoan jasotako babesak motibazio handia eman diotela aitortu du, eta uda partean zein datorren sasoian maila onean jarraitzeko gogoz dagoela nabarmendu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak