Muruak ezin izan du buruz buruko txapela eskuratu (22-7)

Eki Letona Erretolatza 2026ko maiatzaren 23a

Murua, Amiano eta Rekalde B serieko buruz buruko podiumean. Argazkia: ETB1.

Ez da posible izan Ander Muruarentzat gaur arratsaldean Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatutako B serieko buruz buruko finala irabaztea. Arrasatearra ezin izan da Unai Amianoren aurka nagusitu, eta 22-7 galdu du.

Partiduak hasiera ikusgarria izan du. Bi pilotariak maila handian aritu dira lehen tantoetan, tanto luzeak izan dira eta neurketa oso parekatuta joan da lehen uneetan. 4-4ko berdinketarekin, ordea, norgehiagokak norabidea aldatu du. Amianok atzera botatako pilotek kalte egin diote Muruari, eta irundarrak gero eta gehiago asmatu du atzera botatzean. Arrasatearrari, berriz, nekea igartzen hasi zaio.

"Nik uste dut ondo sartu naizela, eta hor galdu dut aukera abantaila hartzeko. Ez dut asmatu sakean momentu baten ere ez, ez dut bi tanto jarraian egin. Frontisera asko eman dio eta ni airez ibili naiz uneoro" adierazi du arrasatearrak neurketa ostean.

"Izan ditudan aukera gutxiak ez ditut baliatu"

Hortik aurrera, Amianok agintea hartu du markagailuan, eta atsedenaldira 12-5eko aldearekin heldu dira. Muruak saiatu arren, ez du partidari berriro heltzeko modurik aurkitu. "Izan ditudan aukera gutxiak ez ditut baliatu, eta berak hortan ere zerikusia izan du, partida borobila egin du". Irundarrak erritmoari eutsi dio eta aldea handitzen joan da. Amaiera aldera arrasatearrak pare bat tanto egin ditu, baina beranduegi izan da neurketa iraulitzeko. Azkenean, 22-7 amaitu da finala.

Bere jokoaren gakoetako bati ere egin dio erreferentzia arrasatearrak: "Nire arma ezkerra da eta ez dut asmatu, ez diot lekutik atera eta berak indar handiarekin eman dio eta merezimendu handiarekin irabazi du". Porrotaren mina ezkutatu gabe hitz egin du pilotariak. "Ni irabaztera etorri naiz, pixkat haserre nago, batez ere sakean ez asmatzeagatik, eta hori, gaur egungo buruz burukoan garrantzitsua da. Orain Amiano zoriontzea bakarrik daukat".

Zale ugari Iruñan

Hala ere, denboraldi bikaina egiten ari da Ander Murua. Duela hilabete gutxi, martxoan, B serieko binakako txapela irabazi zuen Arkaitz Gabirondorekin batera, eta gaur profesionaletako bigarren finala jokatu du. Gainera, Arrasateko zale ugari izan dira Labriten, Muruari babesa ematen. Partidu osoan zehar entzun dira animoak harmailetatik, baina ezin izan dute ospakizuna borobildu. Amaieran guztiak batu dira pilotaleku kanpoan, Muruari aurreskua eta omenaldita egiteko.

 

Murua animatzera joan diren arrasatearrak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak