Martxoan B Serieko binakako txapelketan lehen txapela irabazi ostean, bigarren finalaren atarian dago jada Ander Murua (Arrasate, 2000). Oraingoan, ordea, taldekiderik gabe iritsi da finalera, buruz burukoan lortu baitu arrasatearrak Iruñeko Labriten finala jokatzeko ohorea. Bihar jokatuko da final hori, 17:15ean hasiko den jaialdiaren baitan, eta final laurdenetako ligaxkan bera baino hobea izan zen Unai Amiano izango du aurkari –22-17 galdu zuen lehia hura, Arrasaten–. Hala ere, txapelketan jokatutako beste guztiak irabazi ditu Muruak; azkena, finalerako txartela eman zion partidua, Irunen, Alberdi II.aren aurka jokatutakoa; hamabi tantoan utzi zuen arrasatearrak azpeitiarra.
Martxoan lortu zenuen lehen txapela, eta bi hilabeteren ostean berriro ere finalean zaude. Egiten ari zarenaz hausnartzeko tarterik izan duzu?
Buruz buruko txapelketa azkar etorri da. Binakakoa jokatu eta bi astera hasi zen txapelketa, hain zuzen. Egia esan, nekatuta amaitu nuen binakakoa, eta bi aste haiek ondo etorri zitzaizkidan atseden hartzeko. Atsedenaren ostean, gogo handiarekin hartu dut buruz burukoa; partiduz partidu joan naiz eta finalean sartzea lortu dut.
Kirol honetan azkar aldatu behar da txipa; bata bestearen atzetik datoz txapelketak, ezta?
Bai; kirola bera izan arren, modalitateak aldatu egiten dira. Agian, buruz burukoa da desberdinena, baina pare bat entrenamendu eginda azkar aldatu nuen txip hori, eta, zorionez, ondo aritu naiz.
Entrenamendu askorik egin gabe, baina lehiaketako martxarekin heldu zinen buruz burukora. Zure kirol ibilbideko momenturik onena bizitzen ari zara?
"Gogotsu hartu dut buruz burukoa, eta, partiduz partidu joanda, finaleraino iristea lortu dut"
Hori da; entrenamendu gutxi egin nituen, eta, batzuetan, batek ere ez daki zer den hobea: asko entrenatu ostean lehiatzea edo partidu asko jokatzea sasoian egoteko. Aurten, halaxe egokitu da, joko aldetik ondo ari naiz; azkar irteten zait pilota eskutik, eta, agian bai, nire kirol ibilbideko momenturik onenetako batean nagoela esango nuke.
Gorputzak bakarrik ez, buruak ere erantzun behar du horrelakoetan.
Bai, hori da. Buruz buruko txapelketan gorputzak baino gehiago sufritzen du buruak. Aurkariak sakea hartzen duenean, oso zaila izaten da sake hori kentzea; gainera, takada asko atera daiteke partiduan zehar horrekin. Hala ere, nire jokoak lasaitasuna ematen dit, eta, alde horretatik, ondo ari naiz moldatzen.
Binakakoa garrantzitsua da, baina aurrelari batentzako zer da buruz burukoa?
Binakakoa oso txapelketa luzea izaten da, denbora luzez sasoi onari eutsi behar zaio. Buruz buruko txapelketa, berriz, motzagoa da, baina prestigio handiko torneoa da eta irabazteko aukera izateak asko motibatzen nau.
Joan den astean jokatu zenuen finalerdia. Nolakoak izan ziren azken partidu hartako sentsazioak?
Sentsazio oso onak izan nituen. Alberdik bere partidua egin zuela uste dut, baina haren momentu onenetan eusten jakin izan nuen. Nire aukerak aprobetxatu nituen, eta finalerdian egindako partiduarekin oso gustura nago; konfiantza guztiarekin nator finalera.
Finalean Amiano izango duzu aurkari. Ligaxkako partidutik zer aldatu behar da txapela Arrasatera ekartzeko?
Arrasateko partidu hark ondo egindakoari balioa emateko eta hobetu beharrekoak kontuan hartzeko eta aldatzeko balio behar dit. Buruan dudan partidua egiten badut, nik uste dut aukerak izango ditudala. Amiano faborito garbia da, txapelketan jokatu dituen norgehiagoka guztiak irabazi ditu eta beste guztion gainetik egon da txapelketan zehar. Dena den, argi dut nire aukerak baditudala, eta horiek erabiltzen saiatu behar dut.
Arrasateko hura partidu estua izan zen, bost tantoren aldearekin galdu zenuen.
Hasiera batean, hemeretzi eta hamar aurretik jarri zela esango nuke, eta orduan atera zidan tartea. Gero, hamazazpira hurbildu nintzen, baina sakea berreskuratzean hogeita bi tantora joan zen zuzenean. Nire ustez, Amiano hobea izan zen egun hartan, baina ea larunbatean alderantziz izaten den.
Zure ustez, sakea izan daiteke gakoetako bat?
Bai; Amiano pilotari desberdina da. Ezkertia da eta sekulako kolpea dauka. Arrasateko partiduan ezin izan nuen horren aurka askorik egin, baina, nire ustez, pare bat gauza aldatuz gero, nire sakea ere gehiago baliatu dezaket. Hor asmatzea izango da gakoetako bat.
Labriten material aukeraketa nola joan da? Halako gutxi egindakoa zara, ezta?
"Irabazi edo galdu, enpresak ematen dizkidan aukerak aprobetxatzen saiatzen naiz"
Esperientzia politak izaten dira. Binakakoan bizitzeko aukera izan nuen, eta, egia esan, final baten aurreko astea oso polita izaten da. Material aukeraketa batean izateak ilusioa egiten dit; guri, oraingoz, ez zaigu askotan egitea egokitu, eta esperientzia berria izan da. Iaz, buruz burukoan ezin izan zenuen parte hartu.
Finala irabazita, hori ahaztuko zenuke?
Dagoeneko ahaztu dut iazkoa. Binakako txapelketari esker, aurten zuzenean sartu naiz ligaxkara. Iazko arantzarik ez dut; ordutik aurrera gorakada izan dut eta pozik nago egiten ari naizen urtearekin.
Bakarren batek esango du B maila horri neurria hartu diozula. Zeuk ere aurrerapauso bat eman duzula esango zenuke?
Hasieran gehiago kostatu zitzaidan. Baina, batez ere, iazko udatik aurrera eroso sentitzen hasi naiz. Nire jokoa egiten dut ia partidu guztietan, eta emaitzak ere onak izaten ari dira.
Emaitza hauek ikusita, etorkizunean onenen aurka buruz buruko txapelketa nagusi batean jokatzen ikusten duzu zeure burua?
Hori da, hain zuzen, finala irabazteak dakarren sari bat: datorren urteko buruz buruko txapelketako aurrekanporaketa bat, behintzat, jokatzea. Irabazi edo galdu, ni ondo jokatzen ari naiz, enpresak ere aukerak ematen dizkit, eta aukera horiek aprobetxatzen jarraitu behar dudala uste dut. Aukera etortzen bada hori ere aprobetxatuko dugu, eta, bestela, gauden tokian jarraituko dugu, onena ematen.