Arrasateko udalbatzak aho batez onartu ditu martxoko osoko bilkurako puntu guztiak. Lehenik eta behin, Iturripe berria gauzatzeko ezinbestekoa den hitzarmenerako lehen pausoa, Garaia Parke Teknologikoaren, Gizabidea Fundazioaren eta Arrasateko Udalaren artekoa, Udal Gobernuak "operazio juridiko inportante eta funtsezkotzat" jo duena.
Gaur-gaurkoz, Iturripeko eremua ez da udal jabetzakoa, Gizabidea Fundazioarena baizik. Arrasateko Udalak eta fundazioak 1989ko irailaren 5ean sinatutako eskrituraren bidez arautu zen espazio horren erabilera, eta akordio horren indarraldia 2029an amaituko da. "Testuinguru horretan, Arrasateko Udalak beharrezkotzat jo du Iturripeko proiektua garatuko den lursaila udal jabetzakoa izatea, proiektuaren izaera eta aurreikusten den inbertsioaren garrantzia kontuan hartuta", azaldu du adierazi du Garazi Etxeberriak, Hirigintza, Trantsizio ekologiko eta Mugikortasun zinegotziak.
Onartutako puntua lehen pausoa dela dio Kepa Urteagak, EH Bilduren udal bozeramaileak, gero trukaketa bat egin ahal izateko. "Hitzarmenari esker, Iturripeko lursailak udal jabetzakoak izango dira eta, trukean, Udalak Garaia parkean daukan eraikin bat Gizabidearen esku geratuko da".
EAJk alde bozkatu du puntu horretan, baina hitzarmen horrekin Udalak hainbat arrisku hartuko dituela azaldu du. "Hitzarmenean bertan agertzen da milioi bat eurotik gorako indemnizazio bat egon daitekeela eta horretarako diru bat gorde beharko du Udalak. Gorostizako eta Udalako goiko auzoko obrak soberakinetik finantzatuko dira eta, orain, diru gutxiago egongo da soberakinean. Horrek arduratu egiten gaitu, baina hitzarmenaren alde gaude, noski".
Bestalde, Iturripeko eremua eraldatzeko eta kiroldegi berria eraikitzeko proiektua eta obrak kontratatzeko plegu tekniko eta administratiboak ere onartuta geratu dira. Hala, urtea bukatu aurretik lanak hastea aurreikusten du Udal Gobernuak. "Epe laburrean, hurrengo pausoak dira trukaketa, mailegua eskatzea, proiektua esleitzea eta obrak hastea. Dena ondo badoa, aurreikusten dugu urteko azken hiru hilabeteetan obrak hasiko dituztela", azaldu du Urteagak.
Jeltzaleek azaldu dute "agintaldiko proiektu garrantzitsuena" izango dela eta, beraz, aldeko botoa eman dute. Edozelan ere, Garayk "presaka" aritzea leporatu dio Gobernuari. "Txostenak dio legea betetzen duela, baina dokumentazio asko falta direla oraindik. Uste dugu lasaiago egin zitezkeela gauzak, patxadaz. Ezohiko osoko bilkura deitu du Gobernuak puntu hau onartzeko, baina hilabete atzeratuta ere ez litzateke ezer gertatuko".
Alderdi Sozialistako zinegotzi Johanna Sanchezek, halaber, azaldu du eraldaketaren alde daudela, Arrasate modernoago bat ahalbidetuko duen proiektua izango delako, haien hitzetan, kalitatezko azpiegiturak izango dituena eta auzotar guztiena iritsiko dena.
Zirkulazio ordenantza, onartuta
Era berean, zirkulazioari eta herri barruko bideen erabilerei buruzko udal ordenantzari hasierako onespena eman dio udalbatzak. Alderdi Sozialistak dio ibilgailuen eta oinezkoen arteko elkarbizitza erraztuko duen ordenantza izango dela eta EAJ ere pozik azaldu da, Gobernuak haien ekarpenak aintzat hartu dituela argudiatuta. "Arrasatek urrats erabakigarria egin du gure kaleen segurtasuna eta erabilera egokia bermatuko dituen ordenantza baterantz. EH Bilduren eta Elkarrekin Arrasateren Udal Gobernuak urtebete baino gehiago behar izan du proposamen bat aurkezteko, eta guk neurri argiak eta beharrezkoak planteatu ditugu. Ordenantza honekin, Arrasatek mugikortasun seguruagorantz jauzi egingo du, eta arrasatearren bizi-kalitatea hobetzeko lanean jarraituko dugu", azaldu du Garayk.
Udal Gobernuak erantzun dio, alde baten lanari esker baino, alde guztien lanari esker onartu dutela zirkulazio ordenantza. "Aspalditik zetorren gauza bat da, kalean herritar guztien ahotan dagoen. Beraz, arautu beharreko zerbait zen. Lan handia ekarri duen gaia izan da, politikoa zein teknikoa; gehienbat, teknikoa. Guztiok egin dugu egoki lan eta guztion lana izan da ezinbestekoa ordenantza onartzeko", gaineratu du Urteagak.
Hasierako onarpenaren ondoren, 30 eguneko epea irekiko dute alegazioak aurkezteko. Ondoren, testu osoa Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik hamabost egun pasatakoan sartuko da indarrean ordenantza.