ALBISTEAK

Arrasateko Udal Gobernuak Zirkulazio Ordenantza proposamena prestatu du; eguenean onartzea aurreikusten du

Larraitz Zeberio Lekuona 2026ko martxoaren 10a

Mugikortasun zinegotzi Garazi Etxeberriaren esanetan helburua da garraio modu berriak arautegian txertatzea, espazio publikoetan erabilera egokitzeko eta arautzeko. Ordenantza aste honetan egingo den osoko bilkuran onartzen bada, irail amaieran sartuko litzateke indarrean.

Gehienbat Udaltzaingo zerbitzutik garatu dute Zirkulazio Ordenantza proposamena eta gaur aurkeztu dute hedabideendako egindako agerraldi batean. Bai Mugikortasun zinegotziak bai Arrasateko Udaltzainburu Zigor Andinok ezinbestekoa ikusi dute ordenantza eguneratzea gainetik dauden arautegietara egokitzeko eta bertako errealitatera ekartzeko.

Mota desberdinetako ibilgailuek plataforma berdina partekatzen dutenean sortzen dira arazo handienak udaltzainburuaren esanetan. Besteak beste, patinete elektrikoen erabilera handitu egin da, eta "araudia eguneratzea" eskatzen du.

Irail amaieran egon daiteke indarrean

Ordenantza berriak errespetuzko bizikidetza bultzatzea du helburua Mugikortasun zinegotzi Garazi Etxeberriaren esanetan. Bertan, hiriko bideen tipologia sailkatzen da. Horrekin batera, askotariko ibilgailuen eskubide eta betebeharrak zehazten dira: izan automobilak, karga eta deskargako  kamioiak, autokarabanak, ziklomotorrak, patinete elektrikoak, bizikletak, zein oinezkoak.

Ordenantza egueneko osoko bilkuran onartzen bada, alegazioak aurkezteko 30 lan eguneko epea zabalduko da eta  irail amaierarako indarrean egon daiteke. Lehenago, herritarrei azaldu beharko zaie zeintzuk diren aldaketa nagusiak. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak