Arrasateko Udalak badu 2026rako aurrekontua, 81.967.419 eurokoa, atzoko osoko bilkuran udalbatzak oniritzia eman ostean. Joseba Ezpeleta Ogasun zinegotziak luze eta zabal xehatu du Gobernuaren aurrekontu-proposamena, "azken urteetako proiektu ausartena" dela nabarmenduz. "Gure agintaldiko Gobernu Plana gauzatzera bideratutako aurrekontua da; berme juridiko-tekniko guztiekin, ziurtasun guztiekin, abentura barik eta lasaitasun guztiarekin egina".
Alderdi Sozialistaren babesa ere izan du proposamenak. "Oso aurrekontu indartsua da. Guk hainbat proposamen egin ditugu herria hobetzeko, eta aintzat hartu ditu Gobernuak. Beraz, oso pozik gaude", azaldu du Aritz Muruak, sozialisten udal bozeramaileak.
Oposizioko talde nagusiak, ordea, aurka bozkatu du, eta Ander Garay jeltzaleen udal bozeramaileak hala arrazoitu du haien jarrera: "EAJ aurrekontuan dauden proiektuen alde dago, baina ez exekutatzeko moduekin. 38 milioi euroko maileguarekin, datozen 20 urteetan baldintzatuta egongo da Arrasateko Udala, amildegira joango gara, eta hautetsiok ezin dugu hori egin. Gainera, Gobernu Planean dauden beste hainbat proiektu garrantzitsu, ez dira egingo, besteak beste, Amaia antzokia, Musakolako kiroldegia, autobus geltokiaren proiektua edota Gudarien Plazako urbanizazioa".
Ezpeletak erantzun dio "beldur mezua zabaldu nahi duten adierazpenak" direla horiek eta jeltzaleei eskatu die "interes alderdikoiak" alde batera uztea eta "herri proiektua" lehenestea. "Guk lasaitasunetik esaten dugu 2026ko udal aurrekontuak Foru Aldundiko Ogasuneko teknikarien eta arduradun politikoen oniritzia daukala".
Elkarrekin Arrasateko Eva Abuinek, halaber, zera azpimarratu du: "Oso pozik gaude aurrekontua onartu dugulako eta Alderdi Sozialistaren aldeko botoa ere lortu dugulako. Etorkizunerako ditugun erronka potoloei aurre egiteko aurrekontua da".
38 milioi euroko mailegua
Iturripe Berria proiektua egiteak 31.200.000 euroko kostua izango duela aurreikusten du Udal Gobernuak eta, beraz, 38 milioi euroko mailegu bat eskatzea aurreikusi du.
Gobernuak dio mailegu handia eta bakarra eskatzea "erabaki teknikoa" dela, Aldunditik gomendatu diotena, eta hori dela modu bakarra aurreikusitako proiektu guztiak egin ahal izateko. Halaber, Aritz Etxeberria Udaleko kontu-hartzaileak azaldu du udal gehienek erabiltzen duten teknika dela hori. "Teknikoki zuhurrena da. Aurrekontuan sarrerak eta gastuak orekatzeko jartzen da kopuru hori, baina gero ez dago zertan dena eskatu. Kasu honetan, Udalak 38 milioi euro eskatuko dizkio bankuari eta esango dio diru hori hark edukitzeko. Gero, beharra eduki ahala, eskatzen joango zaio. Esleipenean ikusiko da zenbateko proiektua izango den azkenean".
Kontuan hartzekoa da, 2010az geroztik, Europako lege bat dagoela, zeinak estatu osoko udal guztiak behartzen dituen urtero hiru arau fiskal betetzera: Gastuaren araua, egonkortasunaren araua eta zor biziarena. Hori bete ezean, Aldundiari plan ekonomiko bat aurkeztu behar izaten diote Udalek, bi urtekoa, eta epe horretan ezin izaten dute gehiago zorpetu.
Terrazen ordenantzari, hasierako onarpena
Halaber, urriko osoko bilkuran behin behineko oniritzia izan ostean, 2026ko ordenantza fiskalek behin betiko onarpena izan dute eta, horrez gain, terrazen ordenantzak ere hasi du bidea, hasiera batean aho batez onartuta –alegazio epea ireki da orain–.
Garazi Etxeberriak, Hirigintza, Trantsizio ekologiko eta Mugikortasun zinegotziak, eman ditu ordenantzaren xehetasunak. Azaldu du 2024ko kontsultaren ostean landutako testua herritarrekin partekatu zutela 2025eko urrian, eta ekarpen guztiekin osatu duten testua eraman dutela osoko bilkurara. "Idazketa horretan, hainbat aldagai izan ditugu kontuan. Izan ere, azken urteetan ohiturak aldatuz doaz, gero eta joera handiagoa baitago herriko kale eta plazetako terraza edo elkarguneetan biltzeko; horrez gain, merkatari eta ostalariek, kalitatezko arreta eta zerbitzu eguneratua emateko asmoarekin, euren zerbitzuak ikusarazi edo kaleratzea eskatzen dute. Horrek guztiak batzuetan talka egin izan du oinezkoen zein inguruko bizilagunen ongizatearekin", gaineratu du.
Hala, ordenantza horrek Arrasateko erabilera publikoko espazioetako ostalaritza eta merkataritza arloko erabilerak arautuko ditu, "betiere, espazio horien erabilera komunaren eta irisgarriaren babesari eutsiz, herritar guztiei baitagozkie, berdin eta bereizkeriarik gabe".
PSE-EEk eta EAJk aldeko botoa eman dute, baina jeltzaleek eskaera bat egin diote Gobernuari. "Alegazioak aurkezten dituzten herritarrei aukera ematea batzordera etorri eta alegazio horiek azaltzeko. Bestalde, ostalariei eta merkatariei ere hitza ematea gustatuko litzaiguke", azaldu du Garayk.