81 milioi euroko aurrekontu proposamena, "proiektuak errealitate bilakatzeko"

Hasier Larrea 2025eko azaroaren 7a

Maider Morras alkatea eta Joseba Ezpeleta Ogasun Batzordeburua.

Arrasateko Udal gobernuak atzo Ogasun Batzordean aurkeztutako 2026ko aurrekontu proiektuaren berri eman du, "bi urtetako aurre-lanketa eta diseinu lanen ondoren". Inbertsio handienak Iturripe eraikitzeko eta La Merced ikastetxea erosteko bideratuko dira; hala, 37 milioi euroko kreditua eskatuko du Udalak. 

"Azken urteetan egindako proiekturik ausartenetako bat" bezala aurkeztu du Maider Morras Arrasateko alkateak 2026ko ekitaldirako aurrekontu proiektua, "herriaren etorkizuna eraldatzeko eta herritarren beharrei modu errealistan eta konprometituan erantzuteko tresna" izateko helburuarekin. 

Inbertsioak hiru ataletan sailkatu dituzte: Hirigintza, mantentzea eta herri garapenean; zaintza eta garapen komunitarioan; eta trantsizio ekologikoa eta jasangarritasunean. 

Inbertsioak Iturripen eta auzoetan

Hirigintza ikuspegitik, Arrasatek "jauzi kualitatibo bat" emango du 2026an hasiko diren proiektuekin. Inbertsio handiena Iturripe berriaren kiroldegi eta auzune berria egitean joango da. Baina badira herriko auzo ezberdinetan burutuko diren berrurbanizazio edo irisgarritasun obrak:

  • Iturripe berria - kiroldegia eta aisialdi gune berriak egitea: 31.200.000 €
  • San Juan taldearen berrurbanizazioa: 1.790.000 €
  • Gorostiza auzoko igogailu berriak egitea: €1 (Gerakinekin finantzatuko da 2026ko 2. seihilekoan, eta 2 milioi euro inguruko inbertsioa izango dela aurreikusten da)
  • Udala Auzoa urbanizatzea: €1 (Gerakinekin finantzatuko da 2026ko 2. seihilekoan, eta 1,2 milioi euro inguruko inbertsioa izango dela aurreikusten da)
  • Kirol saileko hainbat inbertsio (horien artean: mojategi teilatua berritzea,
    gimnasioetako makina berriak erostea, kale-ekipamendua, igerilekuko teilatua
    konpondu…): 285.000€
  • Kulturateko klimatizazio sistema konpondu eta berritzea: 100.000€
  • Makatzenako estalpea konpontzea: 63.400€
  • Emakume Txokoaren leku aldatzea: 30.000€
La Merced ikastetxearen erosketa, "hitzartuta"

Zaintza eta garapen komunitarioa bermatzeko, berrikuntza nabarmenena  La Merced ikastetxea erosteko partida izango da. Negoziaketa lanetan ari dira eta espero dute datozen hilabeteetan akordioa erabat itxita egotea. Behin ondasuna bereganatuta, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak zuzkidura etxebizitzak egin ahal izatea izango da helburua, bai gazteentzat zein nagusientzat. “Dagoeneko negoziaketa prozesuan gaude bi erakundeekin, eta elkarlanerako ateak zabalik daude. Proiektuan aurrera urratsak emateko ezinbesteko baldintza zen eraikina Udalak bereganatzea, eta hemendik aurrera proiektuaren definizioan jarraituko dugu. Espero dugu datozen urteetan emaitzak ikusten hastea eta, modu honetan, etxebizitza eta zaintza beharrei erantzuna ematen hastea” azaldu du Maider Morrasek.

Hauek dira garapen komunitariorako proiektuen zenbatekoak:

  • La Merced ikastetxearen erosketa: 3.050.000 €
  • Iturbide egoitzako aurrealdearen berritzea: 139.705 €
  • Txikitxokoaren handitzea: 146.000 €
  • Gizarte Zerbitzuetako bulegoak handitzea: €1 (Gerakinarekin finantzatuko da
    2026ko 2. seihilekoan, eta 465.000€ inguruko inbertsioa izango dela aurreikusten da)
  • Santa Marina auzoko liburutegia berritu eta handitzea: €1 (Gerakinarekin
    finantzatuko da 2026ko 2. seihilekoan, eta 400.000€ inguruko inbertsioa izango dela aurreikusten da)
  • Osasun Mentalaren plan estrategikoa garatzea: 18.000€
  • Uribe-Erguin, Musakola eta Santa Marinako jubilatu etxeetako altzariak
    berritzea: 70.000€
  • Larrialdietarako etxebizitza berria egokitzea, eta, honela, parkea handitzea:
    35.000€
  • Monterron jauregiaren etorkizuna definitzeko prozesua: 18.150€
  • LGTBIQ+ lan ildoa garatzea: 25.000€
  • Jaietako gastuak: 410.000€
Ur sarearen bypass berria

Trantsizio ekologikoan eta jasangarritasunean ere urrats berriak egingo dituzte. Inbertsio handiena ur sarearen bypass berriak eramango du. 2022an izandako matxuraren ostean, pasa den urtean idatzi zuen Udalak bypass berria egiteko proiektua. "Modu honetan, Arrasaterako ur saneamendua bermatuta egongo da honelako arriskuen aurrean, eta Zalduspetik Asuelara dagoen behin behineko bypassa kenduko da" azaldu du Ogasun arloko batzordeburu Joseba Ezpeletak.

Hemen trantsizio ekologikoa eta jasangarritasunari lotutako partidak:

  • Bidegorri sarea handitzen jarraitzea: 300.000 €
  • Bizikleten aparkaleku berriak: 80.000 €
  • Hirigintza taktikoa: 150.000 €
  • Bi karga elektriko kotxeentzako: 25.000 €
  • Ur kontagailuen digitalizazioaren azken fasea: 683.000 €
  • Ur sarearen bypass berria egitea: € 1 (Gerakinekin finantzatuko da 2026ko 2.
    seihilekoan, eta 2,5 milioi euro inguruko inbertsioa izango dela aurreikusten da)
  • Elikadura mahaiaren dinamizazioa eta azokaren definizioa: 19.000 €
  • Hondakinen bilketa eta tratamendua: 2.592.216 €
  • Kale garbiketa zerbitzua: 2.232.450 €
  • Parke eta lorategien mantentzea: 1.027.505 €
37 milioi euroko mailegu eskaera

2026ko udal aurrekontua 2025ekoa baino 36 milioi euro handiagoa izango da: zehazki, 81.214.736 eurokoa. Hala, aurrekontuaren inbertsio nagusien zati bat zorpetzearen bidez finantzatuko da. Udalak 37 milioi euroko mailegu-eskaera aurreikusten du, nahiz eta benetako beharra 30 milioi euro ingurukoa izango dela espero den, "aurreikusten baita exekuzio obrak hasierako kopuruak baino txikiagoak izango direla" azaldu du Ezpeletak. Udalaren egoera ekonomikoa "osasuntsua eta egonkorra" dela azpimarratu du gobernuak, eta zorpetzea inbertsio produktibo eta sozialetarako bide gisa ulertzen dela.

Bestalde, "zuhurtziaz" egindako aurrekontuak direla azpimarratu du Ezpeletak. “Ez ditugu diru sarrerak puztu, zuhur jokatu dugu aurreikuspenak egiterakoan. Agian bestelako diru iturri berriak agertu daitezke, diru laguntzen bitartez. Kasu horietan, zorpetzea txikitzeko baliatuko genuke”.

Gaineratu dute, udal zerga eta tasetan inflazioaren araberako igoera txikiak ezarri izanak eskaintzen diola orain Udalari "proposatzen ari garen proiektuak gauzatzea, bestela, zorpetze handiagoa egongo litzateke, edo txarragoa litzatekeena, proiektuak bertan behera uztea"; izan ere, 2 milioi euroko finantziazio iturria eman du udal zerga eta tasetan inflazioak. 

Gerakinarekin finantzatzeko proiektuak

2026 urtearen bigarren seihilekoan finantzatu eta martxan jartze aurreikusten diren partida batzuk daude aurrekontu proiektuan. Hauek euro bateko partida dute, eta, gobernuaren esanetan, “"asmoa da gerakinarekin finantzatzea". Inbertsio hauek 6,5 milioi euroko kostua izatea aurreikusten du Gobernuak. Horien artean daude:

  • Santa Marina auzoko liburutegia handitzea (400.000€ inguruko inbertsioa izango dela aurreikusten da)
  • Gizarte Zerbitzuetako bulegoak handitzea (465.000€ inguruko inbertsioa izango dela aurreikusten da)
  • Ur sarearen bypassa (2,5 milioi euro inguruko inbertsioa izango dela aurreikusten da)
  • Gorostizako igogailua (2 milioi euro inguruko inbertsioa izango dela aurreikusten da)
  • Udala auzoko urbanizazio lanak (1,2 milioi euro inguruko inbertsioa izango dela aurreikusten da)
Hilabeteko epea negoziatzeko

Udal Gobernuak atzo aurkeztu zuen aurrekontu proiektua Ogasun Batzordean, hortaz, negoziaketa prozesua irekita dago jada. Aurreikuspena da abenduaren 9ko Osoko Bilkuran 2026rako aurrekontuak onartzea, 2modu horretan bermatuko baita Gabonen ostean indarrean izatea aurrekontuak", azaldu du Ezpeletak.

"Uste dugu oposizioko alderdiek bat egiteko aurrekontuak direla, denok defenda dezakegun aurrekontuak dira, Arrasaterentzat estrategikoak diren proiektu eta azpiegiturak daude bertan" amaitu du Ogasun zinegotziak.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak