2026ko ordenantza fiskalak, onartuta, progresibitate irizpideekin

Eneko Azurmendi Barrena 2025ko urr. 8a, 10:41

Urriko ohiko osoko bilkura egin zuen Arrasateko udalbatzak atzo, martitzena, eta 2026ko ordenantza fiskalen puntua izan zen eztabaidagai nagusia. Hala, lehen aldiz, tributu sistema progresiboa ezarriko du Udal Gobernuak datorren urtetik aurrera. 

Tributu sistema progresiboa izango du Arrasatek 2026tik aurrera, udalbatzak hala onartuta. Udal Gobernuak irailean eman zuen haren proposamenaren berri eta hori da onartu dutena, EAJren hainbat proposamen txertatuta. Edozelan ere, jeltzaleek aurka bozkatu dute, baita Alderdi Sozialistak ere.

Joseba Ezpeleta Ogasun zinegotziak argi utzi du tributuak KPIaren arabera eguneratzearen aldekoa dela Gobernua, "zerbitzu publikoen kalitatea eta iraunkortasuna bermatzeko". Izan ere, haren berbetan, etorkizunean "igoera bortitzak" saihesteko, "beharrezkoa" da tributuak eguneratzen joatea. "Zerbitzu publiko duinak mantendu gura ditugu. Inbertsio handiak ditugu epe motzean, eta osasuntsu egotea eskatzen digu horrek".

EAJk salatu du, hirugarren urtez jarraian, Udal Gobernuak zergen igoera orokorra sustatu duela, "Arrasateko egoera ekonomikoa kontuan hartu gabe, 16 milioi eurotik gorako gerakina izanik", Ander Garay Udal bozeramailearen esanetan. "Soberakina koltxoi ona da, baina ezin dugu erabili egiturazko gastuak estaltzeko", erantzun dio Ezpeletak.

Elkarrekin Arrasateko Eva Abuinek, bestalde, zera leporatu dio EAJri: "Batzordera proposamen batzuk eramaten dituzue eta osoko bilkurara, beste batzuk. Progresibitatea ez duzue inoiz aplikatu eta orain gehiago eskatzen diguzue guri".

Progresibitatea hiru tribututan

Ordenantza fiskalak onartuta, progresibitate irizpideak ezarriko ditu Gobernuak honako tributu hauetan: Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ), Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zerga eta kiroldegiko tasak. Era berean, oinarrizko zerbitzutzat hartuko dute OHZ eta ez oinarrizkotzat hartuko dituzte, aldiz, ibilgailuen zerga eta kiroldegiko zerbitzuak.

Halaber, familia-unitatearen errenta eta ondare maila izango dute kontuan hobariak aplikatzeko. "16.000 euro baino gutxiagoko errenta baldin badu, %90eko hobaria izango du; 16.000-18.000 euro arteko errenta badu, %70eko hobaria izango du; 18.000-21.000 euro arteko errentarekin, %60koa. Errenta mailan muga bat egongo da eta hortik gorakoek ez dute hobaririk izango". 

Gainera, kenkaria aplikatuko da guraso bakarreko familien kasuan, genero-indarkeriaren biktimen kasuan edo %33tik gorako desgaitasuna duten kideen kasuan.

Udal zerga, tasa eta prezio publikoek, oro har, %2ko igoera izango dute, nahiz eta salbuespen batzuk egon diren. Esaterako, EAJren eskariz, honako tasa hauek ez dute igoerarik izango: azokakoa, Atarte zerbitzuaren tasa edota establezimendu berriak irekitzeko tasa. Horrekin batera, lokal hutsak etxebizitza bilakatzeko obretan %50eko hobaria aplikatuko dute –hori ere jeltzaleek proposatuta–.

Zaborraren tasak, %3,6ko igoera

Zaborraren tasak %3,6ko igoera izango du, legeak hala behartuta. "Aurten ere defizita egongo da eta hori estaltzeko %3,6ko igoera egongo da. Hala, sei hilabetero 2,81 euro dira eta hilero 0,47 euro", azaldu du Ezpeletak. 

Aritz Murua zinegotzi sozialistak salatu du, "Aldundiak emandako datuetan oinarrituta", Oñatiko eta Antzuolako atez ateko bilketa sistemaren ondorioz, arrasatearrak "bikoitza baino gehiago" ordaintzen ari direla. "Hori dela eta, herritarrei informazio argia eta gardena emateko eskatzen diogu Udal Gobernuari". EAJk ere bat egin du eskari horrekin. 

Ezpeletak erantzun dio Mankomunitateak oraindik ez duela daturik horri dagokionez. "Ez dakit nondik atera dituzuen datu horiek, baina Mankomunitateak ez du daturik oraingoz. Are gehiago, mahai tekniko-politiko bat sortu da horretarako eta lanean ari dira datu horiek lortzeko. Datuak ditugunean, eztabaidatuko dugu, herrien arteko elkartasun printzipioa ere baduelako Mankomunitateak".

Uraren tasa eta tarifa berria

Uraren tasak, azkenik, %5eko igoera izango du, bi arrazoigatik, Ezpeletak arrazoitu duenez. Batetik, Gipuzkoako Ur Partzuergoaren berrikuspenagatik eta, bestetik, ur-kontagailuak aldatzeko Udalak egin duen 1. 338.000 euroko inbertsioagatik. 

Ur-zerbitzuko tarifa sistema "bidezkoago" bat ezarriko dute 2026tik aurrera eta etxebizitza bakoitzean erroldatuta dauden pertsona kopuruaren araberakoa izango da. "Egun, 50 metro kubikoko kontsumoan dago muga etxebizitza bakoitzean; eta hortik gora tarifa bat dago eta hortik behera, beste bat. Halere, sistema horrekin ez da ura aurreztea sustatzen". Hala, erroldatutako pertsona bakoitzak hamar metro kubikora arteko kontsumoa izango du eta hortik gora kontsumitzen badu, gehiago ordainduko du. 

Mundukiderekin duen hitzarmena berretsi du Udalak

Era berean, Udalaren eta Mundukide Fundazioaren lankidetza hitzarmena berretsi du udalbatzak, aho batez, Mozambike programa 2025-2028 epean finantzatzen laguntzeko. "Mundukidek egiten duen lana oso garrantzitsua da eta ezinbestekoa iruditzen zaigu hemengo elkarteek dituzten proiektuak laguntzea", azaldu du Kepa Urteagak, EH Bilduren udal bozeramaileak.

Jeltzaleek ere begi onez ikusi dute. "Gu pozik gaude halako proiektuak diruz laguntzearekin. Egia da guk diru gehiago bideratzea eskatu genuela eta dirulaguntza ez dela guk gurako genukeena, baina urtez urte halako proiektuak laguntzen jarraitu behar dugu", nabarmendu du Garayk.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak