Tributu sistema progresiboa ezarri gura du Arrasateko Udal Gobernuak eta, ondo bidean, urriaren 7ko osoko bilkuran onartuko du udalbatzak. "Helburua da udal zergetan justizia fiskala bermatzea, baliabide gutxien dituzten familiek proportzionalki gutxiago ordaindu dezaten", azaldu du Joseba Ezpeletak, Ogasun zinegotziak.
Progresibitate irizpideak, oraingoz, hiru tribututan aplikatuko lituzke Gobernuak: Ondasun Higiezinen gaineko Zergan (OHZ), Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zergan (TMIZ) eta kiroldegiko tasetan.
Horretarako, familia-unitatearen errenta eta ondare maila izango dituzte kontuan, errenta-aitorpeneko datuak eta banku-ondarearen mugak erabiliz. "16.000 euro baino gutxiagoko errenta baldin badu, %90eko hobaria izango du; 16.000-18.000 euro arteko errenta badu, %70eko hobaria izango du; 18.000-21.000 euro arteko errentarekin, %60koa. Errenta mailan muga bat egongo da eta hortik gorakoek ez dute hobaririk izango".
Gainera, zenbait egoeratan kenkari gehigarriak jasoko dira: guraso bakarreko familien kasuan, genero-indarkeriaren biktimen kasuan edo %33tik gorako desgaitasuna duten kideen kasuan. "Hiru kasu horietan, 1.700 euroko kenkaria izango lukete", dio Ezpeletak.
Gaur egun, hiru tributu horietako hobarietara 21.800 euro bideratzen ditu Udalak eta sistema berriarekin, 47.000 euro izango lirateke. Hala ere, hiru tributu hauetan, udal diru-sarreren jaitsiera osoa %0,38koa besterik ez da izango: 6.526.211,78 eurotik 6.501.002,08
eurora. "Badakigu zer inpaktu ekonomiko izango duen sistema berriak Udalarentzat, baina horren aldeko apustua egin gura dugu. Ikusi beharko duguna da eguneroko kudeaketan zer eragin daukan. Dena ondo badoa, aukera egongo da sistema hau beste tributu batzuetara zabaltzeko", gaineratu du Ogasun zinegotziak.
Igoera orokorra, %2koa
Gainontzean, %2ko igoera izango dute udal zerga, tasa eta prezio publikoek, baina salbuespenak dira zaborraren eta uraren tasak.
Zaborraren tasari dagokionez, Europako lege baten arabera, zerbitzua ezin da defizitarioa izan eta, ondorioz, iaz %38ko igoera izan zuen. "Aurten ere defizita egongo da eta hori estaltzeko %3,6ko igoera egongo da. Hala, sei hilabetero 2,81 euro dira eta hilero 0,47 euro. Ez da igoera handia", azaldu du Ezpeletak. "Birziklatze-tasak hobetzen ez ditugun bitartean, zaborraren tasak gora egiten jarraituko du. Izan ere, 2016tik, gero eta gutxiago eta okerrago birziklatzen ari gara azken urteetan eta horrek gastuen igoera dakar".
Etxebizitza turistikoek, halaber, ohiko etxebizitza batek baino %10 gehiago ordaindu beharko dute zaborraren tasa, baita urarena ere.
Uraren tasak, era berean, %5eko igoera izango du. "Urkulutik erosten dugun ura %2,3 garestitu digu Gipuzkoako Ur Partzuergoak. Horrez gain, kontagailuak aldatzen ari gara eta 1. 338.000 euroko inbertsioa egin dugu horretarako. Neurri batean, hori berreskuratu egin beharko dugu".
Ur-zerbitzuko tarifa berria
Ur-zerbitzuko tarifa sistema ere aldatu egingo du Udal Gobernuak 2026tik aurrera, eta etxebizitza bakoitzean erroldatuta dauden pertsona kopuruaren araberakoa izango da. "Hau da, gaur egun, 50 metro kubikoko kontsumoan dago muga etxebizitza bakoitzean; eta hortik gora tarifa bat dago eta hortik behera, beste bat. Hala ere, gure ustez, sistema horrekin ez da ura aurreztea sustatzen".
Hori dela eta, datorren urtetik aurrera, erroldatutako pertsona bakoitzak hamar metro kubikora arteko kontsumoa izatea planteatzen du Gobernuak, eta hortik gora kontsumitzen badu, gehiago ordaintzea. "Ura aurreztea sustatzeaz gain, familia handiendako justuagoa dela uste dugu".
Urriaren 7ko osoko bilkuran landuko dute gaia
Ogasun Batzordean gobernuaren proposamena aurkeztu ostean, Gobernuak bi asteko epea ireki die alderdi politikoei, ekarpenak egiteko. "Irailaren 24ra arte ekarpenak jasotzeko prest egongo gara eta urriaren 7ko osoko bilkurara eramango dugu gure planteamenudua".
Eva Abuinek, Elkarrekin Arrasateren bozeramaileak, azaldu du "erabaki ausarta" hartu duela. "Urte askoz hitz egin da udaletxean progresibitatea ezartzeaz, baina inoiz ez dugu pauso hori eman. Beraz, lehen aldia da horrelako aurrerapauso bat ematen duguna eta, gure ustez, jauzi kualitatiboa da, gainera. Ikaragarrizko lana egin dugu".
Azkenik, EH Bilduko bozeramaile Kepa Urteagak nabarmendu du "herritarren bizi-kalitatea hobetzeko" neurria dela tributu sistema progresiboa.