ALBISTEAK

"Elkartasunez" ireki dituzte Gabonetako ateak, 70 ekintza baino gehiagorekin

Eneko Azurmendi Barrena 2025eko abenduaren 3a

Arrasateko Udalak, Ibai-arteko kideek eta kultura eragileek Gabonetarako kanpaina eta egitaraua aurkeztu dituzte Kulturateko klaustroetan. Izan ere, Badira elkartasunarekin irekitzen diren ateak lemapean, 70 ekintzatik gorako egitaraua prestatu dute, horretarako propio iragarki bat sortzearekin batera.

Kultura eragileetako eta Ibai-arteko zenbait ordezkarirekin batera aurkeztu ditu Udalak Gabonetako iragarkia eta egitaraua. Jaime Bengoak, Udaleko Tokiko Ekonomia eta Enplegu batzordeko buruak, Gabonetan sortzen diren sinergiei eman die balioa. "Askotariko eragileek hartzen dute parte ekintzetan, eta guztiei esker mantentzen da bizirik Arrasaten. Batzuk jai giroan dauden bitartean, beste askok lan egin behar izaten dute, ostalariek eta merkatariek, esaterako. Horrek guztiak komunitate bat sortzen du eta horrek osatzen du herria. Beraz, Gabonetan ere herrian geratzea dagokigu, herriaz gozatzen".

Gabonetako iragarkia, berriz, Jasone Giraldok, Ongizate, Hezkuntza eta Bizikidetza zinegotziak, aurkeztu du, helduen begirada soziala erdigunean jarri izana azpimarratuz. "Bakardadea azken urteetako gaitz sozial bilakatu da, eta pandemiaren ondoren are nabarmenagoa egin da. Herritarrek, dendariek eta eragileek bakardadearen aurkako eguneroko txertoa osatzen dute. Izan ere, herrian erosten dugunean edo elkar zaintzen dugunean, herri bezala, komunitatea osatzen ari gara".

Gaur hasita, askotariko ekintzak

Herriko Plazan egingo dituzten bi ekintza nagusik irekiko dute egitaraua. Batetik, gaur, Euskararen Nazioarteko Eguneko ekintzak eta, bestetik, bihar, argiak pizteko ekitaldi parte-hartzaileak

Hasteko, haurrei zuzendutako hainbat ekintza izango dira hilabetez. Gaur, esaterako, aurpegi margotzeak egongo dira Herriko Plazan eta, bihar, Txatxilipurdik dinamizatutako jaia. Bestalde, abenduaren 6an, San Nikolas boloa egingo dute, auzoetatik hasi eta erdigunean amaituz. Horrekin batera, La Caravana ihes-gela izango da Biterin abenduaren 5ean, 6an, 7an eta 8an, Ibai-artek antolatuta.

Abenduaren 13an, 20an, 26an eta 27an, besteak beste, ipuin kontaketak, ludotekak antolatutako tailerrak, jolasak eta irteerak, kiliki eta erraldoiak, santamas krosa, Txoronpio eta Txoronpia eta Olentzero izango dira. "Eta, nola ez, urtea ondo eta jolasean hasteko Txikilandia Gabonetako haur parkea izango da Uarkapen, ohi moduan, urtarrilaren 2tik 4ra", azaldu du Eñaut Arriaran zinegotziak.

Musikari dagokionez ere, egitarau aberatsa izango da, herriko taldeen kontzertu eta kantaldiak izango baitira, besteak beste, Erromintxelak taldearena, trikiti taldearena, Arrasate Musikalena edota Txorbela Otxotearena. "Euskal Herriko artista handietako bat ere Arrasateko Amaia Antzokian izango da abenduaren 23an, Ruper Ordorika", dio Arriaranek –sarrerak agortu dira–. Asteburu honetan, gainera, urteroko hitzordua bilakatu den Akordeoi Lehiaketako musika emanaldia izango da eta, abenduaren 19an, The Half Nelson kale animazioa.

Askotariko azokak ere izango dira, guztiak Seber Altubeko karpan. "Garrantzitsuena eta ezagunena, Santamasetako azoka bera izango da. Barazkiak, artisauak eta bestelako saltokiak izango dira. Ohitura bilakatu den Arrasateko artisauen azoka ere izango da Seber Altubeko karpan abenduaren 20an, 21ean, 23an eta 24an", azaldu du Arriaranek. Horiez gain, berrikuntza nagusia da Gabonetako KM0 literatura azoka egingo dutela karpan, abenduaren 13an, Leidak antolatuta, Debagoieneko Idazleen Elkarteak.

Txatxilipurdiren Jostailu Truke merkatua abenduaren 13an egingo dute. Halaber, IMMEren emakume ekintzaileen azoka txikia abenduaren 14an izango da eta jostailu banaketa, aldiz, abenduaren 18an.

Adin guztietako herritarrei zuzendutako tailerrak ere egongo dira, hainbat eragilek antolatuta; besteak beste, txerri-dantza ikastaroa, pandero tailerra, kandelagintza eta txapa, eta pegatina eta Gabonetako apaingarrien tailerra. Artisau sortzaileek gidatutakoak ere izango dira: sendabelarrena, larruzko trentzadun eskumuturrekoak egitekoa edota koadernaketa ikastaroa.

Halaber, Arrasateko Erraldoi eta Kilikien Konpartsa kalejiran irtengo da abenduaren 21ean herriko kaleetan eta kalejira deitu diezaioke Carrusel Ambulantes antzerki-zirku ibiltariari ere. Horiekin batera,  Trikitixa Eskolaren kalejira ere egongo da, Musakolatik, baita Portaloi Elkarteren kantujira ere.

Bestelako hainbat ekintza ere nabarmendu dituzte, hala nola euskarazko bakarrizketak, R&J antzerkia, AEDren bertso-saioa eta Matx Eguna, esku pilota partidua, krosa edota dantzaldiak.

Karpa, herritarrendako aterpe

Bigarren urtez, Udalak Gabonetako karpa jarriko du Seber Altube plazan eta askotariko ekintzak jasoko ditu. "Horrez gain, karpa irekita egongo da eguneroko eta egitaraurik ez dagoenean, herritarrentzat aterpe izatea nahi dugu".

Erakusleiho Lehiaketa, datorren astean

Gabonen parte diren bi ekintzaren berri ere eman dute. Izan ere, datorren astean abiatuko dute Erakusleiho Lehiaketa. "Herritarrek botoa emateko aukera izango dute, Herritarren Saria erabakitzeko. Bozketa egunaren berri emango dugu, eta herritar guztiak animatzen ditugu parte hartzera". Bestetik, udal egutegia banatuko dute, abenduaren 15ean hasita, herriko komertzio eta tabernetan. 

Amaitzeko, eskerrak eman dizkie Udalak herriko eragileei. "Eskerrik asko herriko ezinbesteko piezak izateagatik. Aisialdi euskaldun eta parekidea eskaintzeagatik eta euskal kultura zaindu eta ospatzeko egiten duzuen lan guztiagatik". Udal langileekin ere gauza bera egin du. "Egun hauek askorentzat jai egunak diren bitartean, udal langileentzat etengabeko lana izan ohi da. Beraz, eskerrik beroenak udal teknikari, brigadako langile edota garbitzaileei".

Erlazionatuak

Gabonetako egitaraua Arrasaten

Eneko Azurmendi Barrena abe 03, 12:37 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak