Egunotan Txikilandiak hartuta duen Arrasateko gaztetxean hitzordua eginda, natural eta lasai azaldu ditu Bengoak erabakiaren arrazoiak: "30 urte edozein lanetan urte asko dira, baita grabaketa estudio bateko arduraduna izateko ere. Kostatu zait erabakia hartzea baina bada urtebete gutxienez buruari bueltak ematen ari naizela. Garai bateko gogoa eta ilusioa falta zitzaidan eta musikan, beste edozein arte diziplinetan bezala, ezinbestekoa da gogoa eta ilusioa izatea; eta ilusioa galtzen ari nintzenez, ez du merezi jarraitzeak".
'Denso'-k hartuko du lekukoa
Bengoak argi zuen hasieratik estudio moduan jarraitzea nahiko zuela: "Ez nuen beste edozein jardueretarako lokal moduan saldu nahi, uste dut garrantzitsua dela Arrasaten estudio bat izatea. Aukera izan dut horrela izateko, Denso-k [Hodei Vicario Landaluze] hartuko duelako; lehengusua da, gainera. Helburua beteta, beraz".
Sutea bai, hainbat lagun ere bai
Atzera eginda, sutearena izan zen une zailena: "Sutea izan zen zailena, zalantza barik. Baina burugogor jarri ginen eta hau berriro martxan jartzen tematu ginen. Ezin genuen Shot! erreta utzi, eta lortu genuen martxan jartzea". Oroitzapen onenak egindako lagun guztiak izan dira, eta diskorik azpimarratuko zuen galdetuta, honako hau erantzun du Bengoak: "Ez nuke disko bat nabarmendu nahi, 425 disko asko dira-eta. Hala ere, etxekoekin geratuko naiz; RIP, Bad f-line, Gose, Assata eta, nola ez, La Furia".
Erreferente ukaezina izan da Shot! estudio Arrasaten, bailaran eta Euskal Herrian. 30 urtetan 425 disko grabatu dituela gogoratu du Bengoak eta esker ona adierazi die guztiei: "Asko izan dira bertatik pasatu direnak... Eskerrik asko denoi".