Kulturgintza sektorearen egoera ona ez den arren, baikorra da Iñaki Bengoa; erritmo lasaian bada ere, hasi da lanean.
Zer moduz zaude?
Ondo, lasai nago; esango nuke niretzako pertsonalki gogorragoa egin zaidala sutearen ondorioetatik burua ateratzea pandemiaren eraginetatik baino; akaso, egoera hau orokorragoa delako, edo ez dakit zergatik, baina aurrera begira nago, ez dago besterik. Baikorra naiz, eta hemendik ere aterako gara.
Zelako lanak egiten ari zara orain?
Orain dela hiru aste hasi nintzen, eta erakundeetarako eta enpresetarako egiten dituzten bideoen lokuzioak grabatzen ari gara.
Aldaketarik egin behar izan duzu lantokian?
Langile bakarra naiz eta lokuzio-grabazio horiek egiteko pertsona bat bakarrik etorri da; hortaz, beharrezko babes neurriak zaintzeaz gainera, ez dut besterik egin, oraingoz, baina taldeekin lanean hasten naizenean egoerak beste modu batera lan egitera bultzatuko gaitu.
Zertan aldatuko du, adibidez?
Talde osoa aldi berean estudiora etortzeko aukerarik ez da izango, eta kide bakoitzarekin, hau da, musika tresnak banan-banan grabatu beharko ditugu.
Noiz hasteko asmoa duzu berriz musika taldeekin lanean?
Datorren astean alarma egoera bukatuta egongo denez, ordurako ari naiz lotzen. Prozesua motela da, taldeek ez dute entseatzeko aukerarik izan, eta orain ari dira martxan jartzen, eta euren denbora behar dute.
Pandemiaren aurretik zein zen Shot! estudioaren egoera?
Martxan jarri berri, kasik, gutxi gorabehera sei hilabete zeramatzan zabalik. Proiektu batzuk bertan behera geratu ziren, baina aurrerago guztiak berreskuratuko ditugulakoan nago.
Ez da gauza berria kultura arloa egoera prekarioan dagoela esatea; zuk zelan ikusten duzu?
Kultura sektoreak dirulaguntzetan askorik ez duela sinistu uste dut; nik, behintzat, gutxi. Eta, horregatik, sekula ez dut halakorik eskatu. Orokorrean, politikariei kultura ez zaiela askorik axola uste dut, eta orain, gutxiago; sektoreko langileok nahiko ohituta gaude zuloetatik ateratzen, eta esango nuke oraingoan ere aterako garela, baina ez dirulaguntzen edo politikarien bitartez, gure kabuz baizik!
Pandemiak ikustarazi du kultura arloan zenbat lagun ari diren lanean.
Hala da; aurrekoan, Doctor Deseo-ko abeslari Francisi entzun nion esaten taularen gainean dagoen musikari bakoitzeko lau teknikari daudela lanean; hortaz, pentsa zelako garrantzia duten soinu eta argi teknikariek, managerrek... horiek ari dira pandemiaren eragin handiena jasotzen; izan ere, zoritxarrez, Euskal Herriko musikari gehienak beste ogibide bat izatera behartuta daude.
Sektore profesionalek bultzatuta, elkarte eta plataforma pila bat sortu dira. Ze iritzi duzu?
Tristea iruditzen zait pandemia etorri behar izatea gure artean saretzeko, baina, tira, denetik atera behar da zerbait positiboa. eta egoera honetatik hori, batu egin garela, eta ez da gutxi.
Teknikariak izeneko elkartea da horietako bat, sindikatu bilakatzeko asmoa duena. Zer deritzozu?
Elkarte moduan teknikariok elkartzea ondo ikusten dut, beharrezkoa da elkarrekin indarra egiteko, baina zalantza dut sindikatu baten beharra dagoen, badaude-eta beste hainbat.
Zuzeneko emanaldietako soinu teknikari lanak ere egiten dituzu. Zelan duzu agenda?
Bertan behera geratu dira, irailekoak izan ezik; estudioko lanak izango ditut, bereziki, udan.
Zer esango zenieke kultura-zaleei?
Pazientzia izateko, helduko direla kontzertuak zutik gozatzeko garaiak.