Tristura handia sortu zuen herrian eta, orokorrean, herriko mugak gaindituta, musikazaleen eta musika industriakoen artean, egubakoitz goizean Shot! grabazio estudioa erre zenean. Hiru parketako suhiltzaileak joan ziren; Zubillagakoak, Arratekoak eta Korostikoak; hala ere, ezin izan zuten askorik salbatu.
1994an sortu eta oraindik ere San Andres auzoan dagoen estudioak, Iñaki Bengoaren gidaritzapean, musikarekin lotutako zeregin askotan jardun du: askotariko grabazioak eta ekoizpenak egiteaz gainera, zuzeneko emanaldietan eta musika-aholkularitza ere eskainiz. Grabazio estudio edo lantokiaz gainera, garai baten Goseren, eta gaur egun, Anita Parker taldearen etxea, entsegu-lokala, ere bada Shot!.
Zenbatu ezineko kalteak
10:30etan hasi zen sutea, eta oraindik ere gertakariaren arrazoia aztertzen ari diren arren, estudioko arduradun Iñaki Bengoak kontatu du, "bulegoan" sortu zela sua, itxura guztien arabera, eta handik zabaldu zela gero, estudio osora. Bezperan La Furiaren kontzertuko soinu teknikari lanetan ibili zen Bengoa, eta sutea sortu zenean etxean zen oraindik; ez zegoen inor lokal barruan, eta alboko lokalekoek eman zuten abisua. “Dolua pasatzen ari naiz poliki-poliki; oraindik [martitzenean], ez naiz sartu estudioan, lagunak ari dira hango gauzak uzten eta perituarekin harremanetan".
Segituan zabaldu zen berria sare sozialetan eta bestelako agerkari digitaletan, eta asko dira Bengoa jasotzen ari den elkartasun mezuak. "Ikaragarria da jaso dudan laguntza eta elkartasuna; banekien lagun asko nituela, baina ez nuen uste horrenbeste eta horren onak zirenik. Denetik eskaini didate, eta oso eskertuta nago. Kalteen kopurua ez dago jakiterik, oraingoz, baina ia dena galdu da: tresneriaz gainera, urteetan egindako grabazio masterrak".
Grabazio estudioa baino harago
Sona handiko eta talde askoren lanak grabatu dituzte: RIP, Potato, Gatillazo, Soziedad Alkoholika, Des-kontrol, Su Ta Gar, Audience... Eta musika taldeetara eta rock estilotara mugatu barik, Arrasateko bestelako kultura sortzaileen bilduma asko ere ekoiztu dituzte; horregatik, bada, samina sumatzen da herrian eta kanpoan. "Shot! erreferente da Euskal Herrian. Eta, nola ez, gertatu dena galera da Arrasaterendako. Onena besterik ezin diogu opa", dio Arrasateko Kultura teknikari Jon Garaik, eta zera kontatu dio GOIENAri, Baga-Biga musika ideiak ekoiztetxeko Ritxi Aizpuruk: "Suak dakarrena, keak darama; kantuetan emandakoa, diskoetan geratzen da. Suak ekarri duen hondamendia estali dezatela grabazio berriek Iñaki Bengoaren eskutik". Eta zera dio Arrasateko musikazale eta Bengoaren aspaldiko lagun Iker Barandiaranek: "90eko hamarkadatik gaur egunera arte Arrasaten izan diren esperientzia askoren sorleku eta lekuko izan da Shot!; estudio bat baino gehiago topalekua izan da eta. Gauzei erreparatzen diegu galtzen edo kaltetzen direnean; ea gai garen buelta eman eta segida ematen".
Musikarien partetik ere, mezu gozo ugari, horien artean, Arrasateko Anger taldearena: "Musika munduan halako jakintza duten pertsonekin lan egitea aberasgarria da. Pausu bat aurretik ibili dira beti Shot! estudioko lagunak".
Eta orain zer?
Etorkizunaz galdetuta, oraingoz ez duela ezer finkatuta dio Bengoak: "Musikari dagokionez, oraingoz, nire bi neskatan –Anita Parker eta La Furia– jarriko dut indar guztia. Asteburu honetan birritan igoko gara agertokira: gaur, egubakoitza, Bergarako txosnetan, 23:00etan, eta zapatuan, Cascanten, La Furiaren herrian".