Freskotasunaren bila, igerilekuen, ur parkeen eta gune naturalen bueltan jendetza bildu da. Gaur bezalako egunetan toki bisitatuenetarikoa Arrasateko igerilekua izaten da. Eguraldia lagun dutela, inguruko belardiak jendez bete dira bertako tabernaren bueltan eta askok ping-pongean jokatzeko hautua ere egin dute askok. Igerilekua bera ez da gutxiago izan eta txipli-txapla ibili da adin orotariko jendea.
Gaurkoan bailarako herrietan tenperaturak 40 graduraino iritsi daitezke eta hondartza urruti xamar edukita askok nahiago izan dute bailaran geratzea. Bien bitartean, adibidez Udalako eta Bergarako igerilekuak zabalik jarraitzen dute, ez ordea Aretxabaletako kiroldegikoak. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak deshidratazioa saihesta eta eguzkitik babestea gomendatu du.
Hala ere, 'Euskalmeten' iragarpenaren arabera arratsalde eta gauetik aurrera baliteke zaparrada trumoitsuak garatzea haize-bolada gogorrekin.
Usako itxita
Usakon ordea, bainua debekatuta dago. Oñatiko Udalak jakinarazi duenez, hartutako azken laginen ostean E.coli bakterioaren kontzentrazio altua dago eta, beraz, astelehenera arte, behintzat, ezingo da bainatu. Datorren astelehenean lagin berriak hartuko dituzte eta horren arabera erabakia luzatu edo aldatu egingo dute.