40 gradu ingurukoak izan daitezke tenperaturak Kantauri barnealdean, eta, ondorioz, baita Debagoienean ere. Iragarpenaren arabera, Arrasaten, esate baterako, termometroak 41 gradutara iristea espero da. Gauean, ordea, zaparrada trumoitsuak garatu daitezke barnealdean, eta ekaitz guneetan haize bolada gogorrak eragin ditzake, tenperaturak ere jaitsiz.
Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) alerta-fasea ezarri du tenperatura altuengatik, egoeraren etengabeko jarraipena egiteko, eta udalek ere prebentzio neurriak hartzeko aholkuak eman dituzte.
Emandako gomendioak
Muturreko tenperatura oso altuek bero kolpeak eta beroak sortzen duen estresa eragin ditzakete, eta, beraz, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak neurriak hartzeko beharraz jardun du. Azaldu duenez, arrisku gehiago dute, batez ere, adinekoek eta lau urtetik beherako haurrek, haurdun dauden pertsonek, gaixotasun kronikoak dituztenek, eta aire librean lan egiten dutenek. Beraz, aholkatu dute deshidratazioa saihesteko, ura eta likidoak edatea sarritan, eta ez kontsumitzeko kafeina, alkohola edo azukre asko duten edariak. Entsaladen, barazkien eta fruten kontsumoa areagotzeko ere aholkatu dute, eta janari koipetsuak saihesteko.
Horrez gain, eguzkitik babesteko, kapelak, betaurrekoak eta kremak ematea gomendatzen da, eta eguzki bete-betean ez egotea eguerdi partean. Arropa arina, lasaia eta izerditzen uzten duena erabili behar da, eta komeni da jarduera fisiko handirik ez egitea bero orduetan.
Larrialdietara deia
Bero kolpearen sintomak ere gogorarazi dituzte, hala nola buruko mina, goragalea, nekea eta zorabioa; kasurik larrienetan, berriz, konbultsioak, portaera-aldaketak eta kontzientzia asaldurak ere sor daitezke. Beraz, halakorik bada, 112ra "berehala" abisatzeko eskatu du Osasun Sailak.