Beteta dator aurtengo Udazabal egitaraua ere

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko eka. 28a, 12:45

Sanjuanak bukatu berritan, atsedenik hartu gabe, Udazabal programa aurkeztu du Arrasateko Udalak eta uztail betea izango dute arrasatearrek, musika, dantza, zirkua eta antzerkia ardatz hartuta. Urtero moduan, Arrasate Musikal Big Banden emanaldiarekin abiatuko dute egitaraua.

Arrasate Musikal Big Banden emanaldia izango da lehen ekintza, egubakoitzean, 19:30ean, Monterronen, eta dantza emanaldia ere izango du aurten, berrikuntza modura. Hortik aurrera, martxa hartuko du Udazabalek. "Martitzenean, hilaren 4an, kale antzerkiaren munduko klasiko bat izango dugu gurean, Trapu Zaharrak konpainia, Dale Ramon ikuskizunarekin", azaldu du Jon Garaik, Arrasateko Udaleko Kultura Saileko teknikariburuak.

Uztaileko bigarren asteburua, Monterronen egingo duten Mondra&Roll jaialdi handiak hartuko du, The Interrupters, Perkele edota Bad Manners moduko taldeekin. Horrez gain, Manu Chaok ere emanaldia egingo du leku berean, hilaren 9an. Halaber, uztailaren 13tik 16ra, bluesak jantziko du herria, Arrasate Blues jaialdiaren baitan, Noa & the Hell Drinkers, Afrika Bibang, Erromintxelak edota Monica Duran moduko artistekin.

Egitarauarekin jarraituz, zirkua eta dantza ere egongo dira: Zirkozaurreren Kobr3 emanaldia, Maitane Sarralderen Desªnuda eta Led Silhouettes taldearen Los Perros.

Uztailaren 20an, bestalde, Harremanek eta Mundukidek antolatuta, Korrontzi Dantzan ikuskizunaz gozatzeko aukera egongo da Monterron parkean. Korrontzi eta Oinkari taldeek Debagoieneko hainbat talderen kolaborazioa ere izango dute: Lagun Artean, Lore Gazteak, Txikitxu-Arrostaitz, Jaiki, Ttakun Txalaparta taldea eta Arrasateko Trikitixa Taldea. "Oso ekitaldi polita izango da, Mundukidek eta Harremanek Mozambiken ditugun proiektuei laguntzeko balioko duena. Merezi izango du, beraz, herritarrak animatu daitezela", adierazi du Urri Urizarrek, Mundukide Fundazioko kideak.

Azken ekitaldi hori eta Arrasate Musikal Big Banden emanaldia, eguraldi txarra egin ezkero, Amaia antzokian egingo lituzkete; kaleko emanaldiak, bestalde, kalean bertan dauden aterpeetan, Biteri plazan, esaterako.

Egitaraua osorik, hemen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak