Arrasateko ur-sarean 72.000 metro kubikoren ihesa eragin duen zulatutako hodi zatia erakutsi dute

Arantzazu Ezkibel Galdos 2022ko urr. 26a, 14:44

Datorren astean amaituko dituzte obrak; geratzen direna lanak  egiteko ez dute ur-hornidura moztuko.

Arrasateko Udaleko Obrak, Zerbitzuak, Mantentze eta Auzoetako zinegotzi Victoriano Fuentesek, Moises Altuna sail horretako teknikariak eta Luis Mari Illarramendi Mantentze saileko buruak egindako prentsaurrekoan erakutsi dute Arrasateko ur-hornidura sarean matxura eragin duen hodi zatia. Lur azpian, sei bat metrora zegoen hodian gertatu zen matxura; zergatia jakiterik ez dagoen arren, hodia zulatu egin zen eta handik irten da ura.

72.000 metro kubiko

"72.000 metro kubiko ur galdu dira eta horrek dakar 63.000 euroko kostua. Kuriosoa izan daiteke, baina uste dut aurreikuspenak dezente hobetu direla. Udalak uste zuen denbora gehiago beharko genuela behin behineko hodia egiten eta oraindik eta galera handia izango zela. Uste dut galera inportantea izanda ere, kontrolatua izan dela", azaldu du Moises Altunak.

Ingurabidea edo by-passa

Matxura konpondu ahal izateko 700 bat metroko behin behineko hodia, bypassa eraiki dute; horrek 92.000 euroko kostua izan du. "Gomendio da behin behineko bypassa mantentzea, eta horrez gain, Arrasateri ura hornituko dion bigarren ur-sare bat egitea", azaldu du Fuentesek. Matxura egon den lekutik Kulturolara egingo dute ur-sare paraleloa –bikia deitu diote–; modu horretan, etorkizunean matxurarik balego herria ez litzateke ur barik geratuko. Izan ere, hor dago ur-sare nagusia; Kulturolan ur-horniduraren adarrak hasten dira, auzoetara doazen sareak. Orain, proiektua prestatzeko lanetan dabiltza.

Konpondutako zatia

Sei bat metroko hodi zatia konpondu dute Zalduspe inguruan. Asmoa da hiru aste barru behin behineko ur-saretik berriro ere behin betiko ur-sarera pasatzea; aldaketa hori deposituan bertan egingo dute eta ez du eraginik izango ur-horniduran. Hau da, aldaketa egiteko ez dute urik moztuko herrian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak