Ingurabidea jarri duten arren, matxuratuta dagoen hodia aldatzeko lanak luzatu egingo dira

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko urr. 21a, 08:31

Astelehen arratsaldean, ingurabidea kokatu berritan, probak egiten.

"Arrakastaz" jarri zuten astelehenean ingurabidea, bypass-a, eta jada ez dago ur ihesik. Alde horretatik, "askoz lasaiago" daudela dio Victoriano Fuentesek, Obra, Zerbitzu, Mantentze eta Auzoetako zinegotziak: "Dena den, lanak luzatu egingo dira".

Astelehenean jarri zuten ingurabidea, bypass-a, matxuratuta dagoen ur-hodiaren alternatiba gisa. Behin esku-hartze hori eginda, matxura bera aurkitzeari ekin zioten, ur-ihesa zehazki non zegoen identifikatzeari, hain zuzen, eta eguaztenean lortu zuten hori. Teknikariek azaldu zutenez, bost metroko sakoneran dagoen hodi batean zegoen ihesa, eta hodi hori hormigoizko kubo batekin babestuta zegoen.

Kontuak kontu, atzeman dute matxura, eta orain, hodi berria jartzeko lanetan ari dira, eta Fuentesek adierazi du "hainbat aste" iraun dezaketela lanek. "Izan ere, langileei pisu handiko pieza bat erori zaie hodi gainera eta beste zulo bat egin dute". Ondorioz, konponketa lanak zaildu egin zaizkie eta denbora gehiago beharko dute.

Horrez gain, bospasei metroko hodi berri bat jarriko dute eta hondeaketa-lan gehiago egin beharko dituzte horretarako. Gainera, bestelako hodi eta azpiegitura batzuk ere badaude inguruan, gasarena eta elektrizitatearena, besteak beste, eta "kontu handiz" egin beharko dituzte hondeaketa-lan horiek. Azkenik, hodi berriaren ingurua hormigoiarekin babestuko dute. Matxura zerk eragin zuen, berriz, ez dago erabat argi baina seguruenik uraren presioak berak eragin zuela uste dute.

40 litro segundoko galdu dira

Edozelan ere, behin ingurabidea jarrita, "askoz lasaiago" daudela azpimarratu du zinegotzi sozialistak: "Dagoeneko ez baikara ura galtzen ari". Ur-ihesa handia zen, 40 litro segundoko galtzen baitziren, Fuentesek adierazi duenez. "Ohiko erabilera egiten denean, 4.000 metro kubiko ur kontsumitzen dira Arrasaten. Irailaren 26tik urriaren 17ra arte, hodi alternatiboa jarri zuten arte, 3.600 metro kubiko ur galdu ditugu egunean", dio zinegotziak. Beraz, Arrasaten egunero kontsumitzen den ia ur kopuru bera galdu da alperrik hodia matxuratuta egon den 22 egunetan.

Arrasaten egunero kontsumitzen den ia ur kopuru bera galdu da egun bakoitzeko, matxuraren ondorioz

Obras Hidraulicas Ortega enpresak jarri duen ingurabideari esker konpondu dute, hain zuzen ere, ur galeraren arazoa, eta esku-hartze horren kostua 92.000 eurokoa dela jakinarazi du Fuentesek. Obraren gainontzekoak izango duen kostua zehazteko, ordea, oraindik goiz dela adierazi du, ez baitakite zehazki zenbaterainoko lanak izango diren. Hondeaketa lanetan, bestalde, Construcciones Moyua enpresa ari da.

Hiru ur-depositu nagusi

Asteleheneko ur-hornidura mozketak zeresan handia eman zuen herritarrengan, leku batzuetan guztiz eten baitzen ura eta beste batzuetan, berriz, ez baitzuten eraginik nabaritu.

Hori dela eta, OZMA Saileko zinegotziak hoditeriaren funtzionamendua azaldu gura izan du. Haren esanetan, hodi nagusia da matxura duena, eta hodi hori Kulturolaraino iristen da. Han, hodi nagusi hori hainbatetan banatzen da, erdiguneko hainbat gunetara, diametro ezberdinetako hainbat hoditan.

Horrez gain, hiru ur-depositu nagusi daude Arrasaten: Zalduspekoa, San Josepekoa (Kontzezino) eta Meatzerrekakoa. "Erdiguneak ur-hornikuntza hobea dauka, San Josepeko ur-deposituari esker. Hori dela eta, ura moztu aurretik, depositu hori goraino beteta utzi genuen. Beraz, deposituaren azpian zegoen etxebizitza orok ura eduki zuen eta erdigunean, beraz, ez zen mozketaren eraginik nabaritu, deposituko erreserbekin hornitu ahal izan zirelako", adierazi du Fuentesek.

Auzo garaietan –Makatzenan eta Erguinen eta Gesalibar auzoan, adibidez–, goizeko lehen ordutik geratu ziren ur-hornidura barik, hoditeria nagusitik jasotzen baitute ura zuzenean. Meatzerrekako depositua, azkenik, independentea da, ez du loturarik matxura izan duen hodi nagusiarekin, eta ez zuten ura moztu beharrik izan, esate baterako, Udala auzoan. Laburbilduz, ur-deposituei esker arindu zen, hein handi batean, asteleheneko mozketa.

Hodi nagusi alternatibo bat

Gertatutakoa ikusita, Fuentesek dio, etorkizunera begira, hodi alternatibo bat jartzea pentsatzen ari direla. "Ezin dugu hodi bakar baten menpe egon". Hori dela eta, "ondo landutako eta aztertutako proiektu bat" landu ostean, Zalduspetik Kulturolarainoko kilometro inguruko beste hodi nagusi bat jarri beharko litzatekeela uste du, "bietako batek matxura izanez gero, bestea erabili ahal izateko".

Mozketari nola egin aurre?

Mozketari aurre egiteko alternatibak askotarikoak izan ziren herrian. Debagoieneko Ospitalean, adibidez, 30.000 litroko bi ur-depositu dituzte, eta eraikin guztietarako bi eguneko autonomia dute, Horiei esker, ez zuten mozketaren eraginik nabaritu. Arrasate Herri Eskolan, bestalde, bi depositu eramangarri erabili zituzten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak