Ur-hoditeriako matxura "oso larria" da, eta "ez du konponbide errazik"

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko ira. 29a, 19:20

Arrasate osoa hornitzen duen ur-sare orokorrean matxura handi bat antzeman zuten astelehenean. Geroztik, Udala eta Gipuzkoako Ur Partzuergoa harremanetan ari dira, matxura "ahalik eta azkarren" konpontzeko. Itxuraz, topatu dute irtenbidea baina, arazoa konpondu bitartean, "bizpahiru astez", presio baxuagoan iritsiko da ura Arrasateko etxeetara.

Prentsa agerraldia egin berri dute matxuraren berri emateko. Maria Ubarretxena alkateaz gain, Victoriano Fuentes Obrak, Zerbitzuak, Mantentze eta Auzoetako zinegotzia, Moises Altuna sail horretako teknikaria eta Luis Mari Illarramendi Mantentze saileko burua izan dira azalpenak eman dituztenak.

1985. urte inguruan Gipuzkoako Ur Partzuergoak egindako hoditeria da kalteak jasan dituena eta, era berean, herri osoa urez hornitzen duena. Prentsaurrekoan adierazi dutenez, astelehenean konturatu ziren ur-hoditerian matxura bat zegoela. "Ikusi genuen ur kontsumoaren gorakada handi bat zegoela", azaldu du Illarramendik, eta depositua ikustera joan zirenean, ur pila bat irteten zela ikusi zuten.

Hodira heltzean, sei metroko sakoneran, ikusi zuten hormigoizko bloke baten barruan zegoela ur-ihesa, hodian bertan. Mantentze saileko buruaren esanetan, "ez da normala" halako azpiegituretan halako matxurak egotea, "itxuraz, behintzat, kanpoko faktoreen eraginik gabe gertatu den matxura baita". 

Hainbat alternatiba aztertu dituzte horri irtenbide bat emateko, Altunak zehaztu duenez. "Kontuan hartu hodi horri zerbait serioa gertatu ezkero, herria ur gabe geratzen dela", nabarmendu du.

Hori hala, Gipuzkoako Ur Partzuergoarekin harremanetan egon dira aste osoan eta gaurko bileran aurkitu dute, hasiera batean, behintzat, soluzioa izango litzatekeena. Edozelan ere, irtenbide horrek neurri batzuk eskatzen dituela ohartarazi du Altunak: "Matxuratuta dagoen hodi horren presioa jaitsi behar da. Horren ondorioz, herrira datorren ura presio gutxiagorekin helduko da eta egoera honetan gauden bitartean hornidura arazoak sor daitezke, nahiz eta saiatuko garen hori horrela ez izaten", azaldu du Altunak.

Bizpahiru astez, ura presio baxuan

Uraren presioa jaistearekin batera, ur-sare paralelo bat egingo dute, by-pass bat, eta behin hori eginda, hodia konpontzen hasiko dira. "Lan horiek guztiek bere denbora behar dute eta nahiz eta presioa jaitsi, hodia guztiz apurtzeko arriskua ez da desagertzen. Beraz, ahalik eta neurri zehatzenak hartuko ditugu hodi hori guztiz apurtu ez dadin".

Guztia ondo joan ezkero, bizpahiru aste iraungo lukete lan horiek, baina ur-kontsumoa jaisteko dei egin diete herritarrei. "Gaur egungo hodiak 500 litro metro koadroko edukiera du eta by-passak 200 bat litro metro koadrokoa. Ezinezkoa da gaur egungo zerbitzu bera ematea. Ez da zerbitzu onena izango, baina ur barik ere ez gara geratuko. Hala ere, behin martxan jarritakoan ikusiko dugu zenbaterainokoa den zerbitzuan daukan eragina", adierazi du Illarramendik. "Auzo altuetan bizi den herritarrei, are presio baxuagoarekin iritsiko zaie ura", gaineratu du alkateak.  

"Oso arazo larria da"

"Oso oso zaila" da horrelako matxura bat gertatzea, Ubarretxenak nabarmendu duenez, "baina guri gertatu zaigu". "Segundo bakoitzean ur pila bat galtzen ari gara eta, gainera, egun hauetako euriek ez dute laguntzen. Mendi-magal horren egonkortze bat egitea eskatzen digu horrek, badaezpada. Izan ere, hodia babesten duen hormigoiaren oinarria desegonkortzen bada, hodia bera apurtu daiteke. Beraz, oso arazo larri bat daukagu eta ez dauka konponketa erraza".

Era berean, alkateak adierazi du bihar bandoak jarriko dituztela atarteetan, herritar guztiei arazoaren berri emateko.

Mahai teknikoa bihar batuko da

Bihar goizean bilduko da mahai teknikoa, lanekin "lehenbailehen" hasteko. "Beldur gara gaur egungo egoera larria are eta larriago bilakatzeko", dio Illarramendik. 

Alkateak gaineratu du "eskura dituen baliabide guztiak" jarri dituela matxura "ahalik eta azkarren" konpontzeko. "Barkamena eta pazientzia eskatzen dizkiegu herritarrei, sortutako egoeragatik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak