Gaur Udal Gobernuko ordezkariek egin dute agerraldia, eta lehenengo eta behin azaldu dute lan-gatazka batean aurrean gaudela, nahiz eta batzuek gatazka politiko bihurtu nahi duten. Gaineratu dute lorezainen lan baldintzak hobetzearen alde dagoela Udal Gobernua, eta azaldu dute uztailetik dagoela onartua lorezaintzako kontratua berritzeko ia 236.000 euroko igoera urteko.
Greban dauden lorezainek beste elkarretaratze bat egin dute gaur Arrasateko udaletxe atarian. Udal Gobernuko ordezkariek esandakoen berri jaso ostean esan dute tinko eusten dietela orain arteko aldarrikapenei eta hilaren 15eko herri manifestazioan parte hartzera deitu dute.
Goiena harremanetan jarri da Prezero enpresako ordezkariekin, baina ez dute oraingoz adierazpenik egin gura izan.