Azaldu dutenez, lorezainek hamar urte daramatzate lan baldintza berdinekin lanean. "Urteak dira KPIa igotzen ez zaiela eta hau eskatu duten momentuan, Prezero enpresak ezezko borobila eman die. Gogorarazi dezagun Prezero enpresa multinazional baten parte dela, irabazi handiak dituena", zehaztu du Abuinek.
Herriko lorategiak zaintzen egiten duten lana "ikaragarria" dela aitortu du alderdi moreko bozeramaileak: "Greban daudenetik, agerian geratu da egiten duten lana, herriak basamortu bat dirudi", gaineratu du.
1.100 euroko soldata dutela-eta, haien azalean jartzea funtsezkotzat jo dute bi indar politikoek. "Lorezainek eskatzen duten bakarra KPIa igotzea da eta oraindik ez daukate ez Prezeroren berririk ezta Arrasateko Udal Gobernuaren aldetik inolako erantzunik ere, uztailean elkartu zirenetik", dio Morrasek.
Horrez gain, salatu dute irailean osoko bilkurarik ez egitea erabaki duela Udal Gobernuak. "Ondorioz, edozein erabaki hartuta ere, urriaren 4an egingo den osoko bilkurara arte itxaron beharko dute edozein neurri onartu ahal izateko".
Horren aurrean, Arrasateko Udal Gobernuari eta Prezerori eskatu diete errespetatu ditzatela langileen eskubideak. Era berean, Udal Gobernuari eskatu diote pleguetan jaso dezala KPIaren igoera eta hark exijitu diezaiola hori enpresari.
Azkenik, arrasatearrei dei egin diete parte hartzeko lorezainek irailaren 15erako deituta duten manifestazioan.