Udal lorezainek manifestazioa deitu dute irailaren 15erako

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko ira. 1a, 13:25

Uztailaren 18az geroztik greban daude Arrasateko udal lorezainak eta, besteak beste, soldata igoera eta KPIa bermatuko dituen lan akordio bat aldarrikatzen jarraitzen dute ordutik. Modu horretan, eta konponbiderik ezean, irailaren 15erako manifestazioa deitu dute. 18:00etan abiatuko da, Herriko Plazatik.

48 egun pasa dira udal lorezainek greba mugagabea abiatu zutenetik, eta orduko eskaera berarekin jarraitzen dute oraindik: "Lorezaintzako langileon lan-baldintzak hobetuko dituen lan akordio baten beharra. Besteak beste, soldata igoera eta KPIa bermatuko dituen akordioa erdietsi gura dugu", dio Ana Sebal LAB sindikatuko ordezkariak.

Hamabi langile finko eta aldi baterako bizpahiru langile aritzen dira Arrasateko lorategi publikoak zaintzen, eta azpikontratatutako udal zerbitzua eskaintzen dute. Hala ere, estatu mailako hitzarmenean oinarritutako lan-baldintzak dituzte eta horrek, salatzen dutenez, ez ditu Arrasateko bizi mailako baldintzak betetzen gaur-gaurkoz. "Ez dugu beste munduko ezer eskatzen; bigarren mailako langile eta herritarrak sentitzen gara eta ez dugu prekarietate egoera batean bizi nahi", adierazi du Sebalek. "Lankide askoren soldata oinarria 1.200 euroren azpitik dago eta horrek aipatutako prekarietate egoera betikotzen du".

Konponbide eske

Uztailaren 19ko osoko bilkuran haien lan-baldintzak arautuko zituzten pleguak zituen onartzekoak udalbatzak, baina berba hartu eta plegu horiek ez onartzeko eskaera egin zuten lorezainek saio hartan, Prezero enpresarekin akordiorik lortu ez zutela-eta. Langileek negoziatzen jarraitzeko borondatea erakutsi arren, salatu dute, enpresak zein Udalak ez zutela horretarako asmorik erakutsi eta horregatik ekin ziotela greba mugagabeari. "Lan-gatazka honen konponbidea Prezero enpresaren eta Arrasateko Udalaren artean dago eta egoera hau lehenbailehen konpontzeko eskaera egiten diegu. Garbi dugu langileok antolatu eta borroka piztuz gero, emaitzak lortuko ditugula, eta guk horren aldeko apustua egin dugu. Lan eta bizitza duinaren alde, eta gure eskubideen defentsan, lan-akordioa orain!", nabarmendu dute.

Protestekin jarraituko dute

Greban jarraitzearekin batera, azpimarratu dutenez, protesta eta aldarrikapenekin ere jarraituko dute datozen egunetan, egoera konpondu ezean, behintzat. Hala, astelehenetik egubakoitzera 11:30ean Portaloian elkarretaratzeak egiten jarraituko dutela adierazi dute eta, horrekin batera, manifestazio baterako deia ere egin dute. Irailaren 15ean, eguena, izango da hori, 18:00etan Herriko Plazatik abiatuta, eta parte hartzeko dei egin diete herritarrei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak