"Hausnartzeko, aldarrikatzeko, elkartzeko eta gozatzeko" izango da Aurrera Bolie Eguna

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko ira. 7a, 14:09

Apiriletik martxan da Aurrera Bolie Herri Ekimena, "duela 60 urte belaunaldi oso batek Euskal Herrian bultzatu zuen pizkundearen oinarriak jaso, gaurkotu eta egungo erronkei helduta, herri honen askatasunaren alde lanean jarraitzeko gogoa eta konpromisoa indartzeko helburuarekin". Bide horretan, Aurrera Bolie Eguna egingo dute hilaren 17an.

Atzo, martitzena, egin zuten egunaren aurkezpen ofiziala, Biteri plazan. Larraitz Trojaola ekimeneko kideak azaldu zuen orain arte egin izan dituzten ekimenetan urrunetik datozela jabetu eta bultzada berritu bat eman nahi izan diotela orduko balioei. "Begi bistan gelditu da konpromisoa, elkartasuna, abertzaletasuna eta balio ezkertiarrak oinarri hartuta, esparru desberdinetatik eragiten jarraitzea dagokigula", adierazi zuen.

Izan ere, herria egunero eraikitzen da, Trojaolaren esanetan, hainbat balio eta ekintzaren bitartez: "Hizkuntzaren borrokatik, feminismotik, ekologismotik, komunitategintzatik, preso eta iheslarien aldeko lanetik, bizi eta lan baldintzen esparrutik, herri honen memoria idatzi eta transmititzetik, herrigintzatik eta abar".

Euskal Herriaren askatasunaren alde lanean jarraitzeko bide horretan geldialdi bat egingo dute irailaren 17an, eskaintza politikoa eta soziala uztartuz. "Horretarako, egitarau ahalik eta anitzena eta parte hartzaileena antolatzen saiatu gara", zioen Trojaolak.

Egun osoko egitarau "aberatsa" antolatu dutela eta "guztiok gozatzeko moduko eguna" izateko lanean arituko direla nabarmendu zuen herri ekimeneko kideak. "Ez dugu inolako eraso sexista, homofobo, transfobo edota arrazistarik onartuko. Dagokionari ardura hartzeko eskatzen diogu", gaineratu zuen.

Esker hitzak

Aurkezpena baliatu zuten egitaraua prestatzen lagundu dieten kulturgile, sukaldari, hezitzaile, militante eta kide guztiei eskerrak emateko. "Zuen ekarpenari esker ospatuko dugu Aurrera Bolie Eguna".

Herritar guztiei, bestalde, gonbidapena egin diete egunean zehar egongo diren ekitaldietan parte hartzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak