Herriguneko zuhaitz ugari mozteagatik "gaitzespen irmoa" adierazi du Udalak

Hasier Larrea 2022ko abu. 30a, 11:36

Kulturate inguruko zazpi zuhaitz eta Garibai kaleko 1 eta 9 atarien arteko loreontzietan dauden zuhaitz  guztiak zerraz edo aizkoraz moztuak izan dira azken bi egunetan. Ekobulebarreko ureztatze automatikoko sisteman ere kalteak eragin dituzte.

Joan den astean herriko zuhaitz ugari zerraz moztu izana salatu du "irmoki" Arrasateko Udalak. Abuztuak 24ko gauean, Kulturate inguruan zazpi zuhaitz izan ziren zerraz moztuak. Hurrengo gauean, berriz, Garibai kaleko 1 eta 9 atarien arteko zuhaitz txiki guztiak moztu zituzten "burua estalita zeramaten lau pertsonek". Gauerdi aldera jazo zen gertakaria eta bizilagunen oihuek ohartarazita, ihes egin zuten bertatik.

Ekobulebarreko ureztatze automatikoko sisteman ere kalteak izan direla salatu du Udalak. Nabarmendu du, gainera, "ureztatze sistemetan aditua den pertsona batek edo batzuek" eragin dutela kaltea, "erabilitako teknika ikusita".

Udalaren esanetan, horrelako jarrerek "gizalege, sentsibilitate eta errespetu-falta" erakusten dute: "Tamalgarria iruditzen zaigu aldez aurretik pentsatutako, nahita egindako eta prest dauden ekintza bandalikoak egitea kaltea egiteagatik soilik; izan ere, azkenean, bilatzen duten gauza bakarra udalerriko natura-ondarean kalteak eragitea da, herritarrei inguruneaz gozatzea mugatuz, eta, gainera, mantentze eta birgaitze-gastu gehigarriak sortuz".

Hori dela eta, erantzukizuna eskatu du, eta jokabide eta jarduera horiek bertan behera uzteko, Arrasateren onerako.

Uztailean ere, antzeko gertaerak

Uztailean, Arrasateko Udalak Iturbide egoitzako lorategien inguruan izandako kalteak ere salatu zituen; izan ere, uztailaren hasieran lore-apaingarri ugari landatu zituen bertan. Orduan, "ezezagun batek edo batzuek" loreak erauzi eta lurrera bota zituzten, eta zaborrontzi bat irauli zuten lorategian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak