2022ko udal aurrekontua, onartuta, EH Bilduren abstentzioarekin

Eneko Azurmendi Barrena 2021ko abe. 14a, 22:01

Udal Gobernuaren hasierako proposamenari emendakin partziala aurkeztu dio EH Bilduk, eta emendakin horrek aurrera egin ostean onartu dute datorren urterako udal aurrekontua, Gobernuak eta koalizio abertzaleak lortutako akordioari esker. Izan ere, EH Bilduk egindako hogei proposamenetatik zortzi onartu ditu Udal Gobernuak eta horregatik abstenitu da oposizioko taldea.

Anuska Ezkurra Udal Gobernuaren bozeramaileak hartu du berba lehenik, eta adierazi du aurrekontu garrantzitsu bat dela. "Azken hamabi urtetako altuena izateaz gain, zuhurra, errealista eta baikorra da". Gaineratu du, azken bi urteak pandemiak baldintzatutakoak izan arren, aurrekontu aurrerakoi bat dela onarturikoa. "Hori posible da zero zor egoeran gaudelako, egoera ekonomiko osasuntsu bat dugulako eta horren ondorioz, tasak eta zergak ere ez dira igoko, bigarren urtez jarraian".

Horrez gain, adierazi du gastu sozialera bideratutako dirua hazi egingo dela. "2021eko aurrekontuan %14ko igoera egon zen gastu sozialean eta 2022rako igoera hori are gehiago haziko da". Azkenik, oposizioko bi taldeei eskerrak eman dizkie, ekarpenak eta lanketak egiteagatik. 

EH Bilduk, gainera, abstentziora jo du, Udal Gobernuarekin lortutako akordio bat dela eta. "Gobernuak jarrera ona izan du, iaz ez bezala. Egin dizkiogun hogei proposamenetik zortzi izan dira onartuak, eta gauza txikiak dira", azaldu du Maider Morras EH Bilduren bozeramaileak, eta zera nabarmendu du: "Abstenitu egin gara, baina ez dira gure aurrekontuak eta ez daukazue gure babesa. Gabeziak ditu bai pertsonengan eta bai zaintzan".

Ezkurrak erantzun dio "betaurreko positiboekin" begiratzen diola EH Bilduren abstentzioari. "Elkarlanerako eta egutegi bat osatzeko lan egingo dugu".

Elkarrekin Arrasaterekin, ordea, ez da akordiorik egon eta Eva Abuin bozeramaileak aurka bozkatu du, osoko zuzenketa aurkeztuz. "Gure politika egiteko modutik oso urrun dago aurrekontua. Azken urteetako altuena izan arren, gizarte zerbitzuetara, berdintasunera eta enplegura bideratutako diru kopurua %15era ez dira heltzen; hirigintzara bideratutakoa, aldiz, %47 da. Agerian dago lehentasunak ez ditugula partekatzen".

Biteriko eta Laubideko tarifak, finkatuta

Biteri eta Laubideko aparkalekuen 2022ko tarifak ere onartuta geratu dira, EH Bilduren abstentzioarekin eta Elkarrekin Arrasateren aurkako botoarekin baina, tarifek baino, zinegotzien txartelak eman du zeresana beste behin. Abuinek txartelen "erabilera txarra" egin izana leporatu dio Gobernuari eta horri erantzunez, Ezkurrak adierazi du txartelei uko egingo dietela EAJko zinegotzi guztiek. "Egoera aldaketa bat egon da, TAO ezarri delako eta uko egingo diogu txartelari". Sozialistek, ordea, erabiltzen jarraituko dute. "Guk ez diogu uko egingo. Txartelak udaletxera etortzeko erabiltzen ditugu, lanera. Gainera, zerbitzu horrek udaletxearendako ez du kosturik", azaldu du Johanna Sanchez zinegotziak.

Morrasek, bestalde, "hautatutako informazioa" ematea leporatu dio Gobernuari. "Informazioa nahi izan duzuen moduan eman duzue, aleatorioa izan da eta hiru hilabeteko datuak eman dituzue bakarrik. Gainera, uko egin diezue presionatuta sentitu zaretelako, eta ez borondatez".

Hauek dira onartutako tarifak:

  • Arrunta: 0,039 euro/minutuko.

Bereziak:

  • Hileko alokairua, egunekoa eta berriztagarria (08:30-20:30, astelehenetik zapatura arte, zapatua barne): 72,60 euro.
  • Hileko alokairua, gauekoa eta berriztagarria (08:30-20:30, astelehenetik zapatura arte, zapatua barne): 55,26 euro.
  • Asteko ordainketa (24 ordu) 45,63 euro.
  • Hileko abonua, berriztagarria (24 ordukoa): 112,44 euro.

Hainbat mozio aurkeztu dituzte

Alde batetik, Jaso nahiko genukeena eskaintzea (55.orria) mozioa, Eusko Jaurlaritzak aurkeztutakoa, onartuta geratu da, oposizioaren abstentzioarekin. "Hitz politak dira, baina ez du ezertarako balio, ekintza gutxi daudelako. Ikusiko dugu zenbat proiektu ateratzen diren intentzio honetatik".

Bestetik, Bergarako San Juan auzoko Larramendi poligonoan jarri nahi den jarduerari buruzko (59.orria) mozioa, Bergarako Basalgo, San Juan, Ubera eta San Blas auzoetako auzo alkateek aurkeztutakoa. Horren harira, Peter Encinas herritarrak hartu du hitza. "Bergaran erraustegi bat jartzea Debagoieneko arazo bat izango da. Hondakinen arazoak konpontzeko errausketa ez da soluzioa, erretzeak hondakinen itxura aldatzen duelako, besterik ez. Jarduera honek 100.000 litro ur kutsatuko ditu eta mozioak esaten duen bezala, 155.000 tona erreko dituzte. Enpresaren dokumentu batek dio uretara isurketak egingo dituztela eta gas kutsagarriak aireratuko direla. Arazo larri bat daukagu eta kezkagarria da. Zerbait egin behar dugu".

EH Bilduk eta Elkarrekin Arrasatek babestu egin dute mozioa, baina Udal Gobernuko bi alderdiek kontra bozkatu dute. "Gu ez gara nor Eusko Jaurlaritzari proiektua gera dezala eskatzeko".

Azkenik, Interes publiko goreneko proiektuen erregulazio berriari buruzko (63.orria) mozioa aurkeztu dute EH Bilduk eta Elkarrekin Arrasatek, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren legeari buruzkoa. Gai berari buruz bakoitzak bere mozioa zeukan arren, adostasun batera iritsi eta bakarra aurkeztu dute azkenean.

Morrasek azaldu du Eusko Jaurlaritzak hartu duen erabakia "oso larria" dela. "Hemen, zerbait defendatu behar bada, Arrasateren eskuduntzak dira. Oso arriskutsua da erabakia eta oso larria da herriari eskumenak kentzea". 

Ezkurrak, ordea, erantzun dio "nabarmen" hobetzen duela egungo legea. "Aurrera egiten du ingurumenean eragina izan dezaketen jardueren kontrolean. Garrantzitsua da lege berri bat izatea, egungo errealitatera egokituko dena eta herritarren eskaerei modu eraginkorragoan erantzungo diena". Victor Fuentes sozialistak berretsi egin du hori: "Ezin dugu zalantzan jarri gure udal izaera, hori gure nortasunaren baitan doa, eta legeak ez dio kalterik egingo gure udalerriari".

Eragin Arrasateko kideak, osoko bilkuran

Placi Garcia, osoko bilkuran.

Osoko bilkura osoa bertatik bertara jarraitu dute Eragin Arrasate plataformako kideek, tarteka TAO sistemaren aurkako pankartak erakutsiz, eta bukaeran, Placi Garciak hartu du berba. Batetik, herriko igogailuak goraipatu ditu eta bestetik, Juan Artzamendi Musika Etxea izan du berbagai: "Oso ondo dago, baina herritar asko kanpoan uzten ditu".

Azkenik, nola ez, TAO sistema gaitzesteko baliatu du aukera, "erabat kontra" dagoela azpimarratuz: "Oso garestia da eta tarifa askok ez dute zentzurik, ospitalekoak, esaterako. Hona etorri gara adierazteko borrokan jarraituko dugula herritarrendako Arrasate duin bat izan arte. Herritarrendako lan egitea eskatzen dizuegu", adierazi die Udal Gobernuko kideei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak