37.100.000 euroko aurrekontu proposamena egin du Arrasateko Udal Gobernuak

Eneko Azurmendi Barrena 2021ko aza. 11a, 15:01

"Azken hamabi urteetako aurrekonturik altuena" aurkeztu du 2022rako Arrasateko Udal Gobernuak: 37.099.591,17 eurokoa, hain zuzen, 2021ekoa baino %2,67 handiagoa. Inbertsio nagusia Santa Teresaren urbanizazioarena izango litzateke: 900.000 euro.

Ander Garay Ogasun zinegotziak azpimarratu du zero zor egoeran jarraitzen duela Arrasateko Udalak, "egoera finantzario onean", eta Debagoien osoan tasak eta zergak igoko ez dituen udalerri bakarra izango dela gaineratu du. Era berean, Foru Funtsetik aurten baino bi milioi gehiago jasotzea aurreikusten dute datorren urtean –16.800.000 euro–, eta Europar Batasuneko Next Generation funtsetik iritsiko den dirulaguntza ere ziurtzat ematen dute –993.285 euro– . Hori hala izanik, eta "azken lau urteetan Udalean egindako kudeaketa onari esker", Udal Gobernuak "azken hamabi urteetako aurrekonturik altuena" aurkeztu du 2022rako, 37.100.000 eurokoa. 2021eko udal aurrekontua baino 965.000 euro gehiago da hori –%2,67 handiagoa–. Aurrekontu proposamenaren %66 –25 milioi euro– udal langileen soldatetara eta ondasun eta zerbitzuetara bideratuko litzateke.

Inbertsio nagusia: Santa Teresa

Proposamenaren arabera, bost milioi euro bideratuko lituzke Udal Gobernuak inbertsioetara, eta partidarik handiena, 900.000 eurokoa, Santa Teresako urbanizatzeko izango litzateke; besteak beste, Musakola, Santa Teresa, Galizia, Agerre eta Doneztebe Portuko kaleak lotuko dituzten igogailuak egiteko. "2007tik dago proiektu bat eginda, baina inork ez du gauzatu orain arte. Igogailuez gain, proiektu hori berraztertuko dugu, eta gaur egunera egokitu, denbora asko pasa baita", azaldu du Maria Ubarretxena alkateak.

Era berean, 2022ko udan bukatzea aurreikusten duten Ekobulebar-era 300.000 euro bideratuko lituzke Gobernuak, eta diru kantitate berbera du aurreikusita Araba etorbidearen eta Foruen plazaren arteko bidegorria egiteko ere. Horrez gain, Zalduspe inguruaren urbanizazioarekin jarraitzeko asmoa dauka, eta 400.000 euro bideratu gura ditu horretarako.

Arlo sozialera, aurrekontuaren %30

Pandemiaren eraginez, hainbat partida indartzeko beharra ikusi zuen Gobernuak 2021eko aurrekontuan –%40ko igoera–, eta horiek mantenduko lituzke 2022ra begira; hau da: etxez etxeko laguntza zerbitzua zein pobreziaren kontrako larrialdi planetarako 1.200.000 milioi euro, babesgabeko egoerei aurre egiteko 322.950 euro eta tutoretzapean dauden etxebizitzen laguntza zerbitzurako, 60.000 euro. Horrekin lotuta, 417.828,37 euro bideratuko lirateke "egoera zaurgarrian dauden herritarrei" lan aukerak eskaintzeko.

Halaber, Lan Ere Bai programarekin jarraitu gura du Gobernuak, eta Hondarribia kaleko tailerra bukatzear dagoela dio alkateak –82.507 euro bideratuko lituzke horra–. Bestalde, 40.000 euro bideratuko lirateke San Juan de Dios ospitalearekin eta herriko ikastetxe komunitatearekin elkarlanean garatzen den eta droga-menpekotasuna ardatz duen EKKO programara.

Kiroldegia, "apustu irmoa"

Kirol azpiegituren mapa osatzeko parte-hartze prozesuak aurrera jarraitzen du, eta 2022an proiektua idazten hastea aurreikusten du Gobernuak, horretara 100.000 euro bideratuz. "Kiroldegiaren apustua irmoa eta serioa da eta aurrera egingo dugu", azaldu du Ubarretxenak, eta Garayk zera gaineratu du: "Parte-hartze prozesuan erabakitakoa errespetatu egingo dugu, gainera, hori izango delako herritarren nahia". Musakolan, gaztegune berria Ludoteka eta gazte txoko zerbitzua "indartu" egin gura du Gobernuak, aurrekontua %2 igoz eta 2022an 435.230 euro bideratuz. "Gainera, Zigarrola auzoan gaztegune berria egin gura dugu, Kutxaren lokal hutsean, eta 38.000 euro bideratuko ditugu horra".

Bestalde, Grupo San Juanen eraberritzeko prozesu parte-hartzailerako 18.000 euroko partida eduki gura du Gobernuak, Altamira auzoko berrurbanizazio proiektua egiteko 40.000 euro eta Amaia antzokiko galdara aldatzeko eta ekipamendua berritzeko 80.000 euro.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak