Elkarrekin Arrasate: "Gobernuaren politika egiteko modua ez dugu partekatzen"

Eneko Azurmendi Barrena 2021ko abe. 15a, 12:42

Arrasateko EAJk eta PSE-EEk osatzen duten Gobernuaren aurrekontuan islatzen den ereduarekin ez du bat egiten Elkarrekin Arrasatek eta, ondorioz, osoko zuzenketa aurkeztu dio 2022ko aurrekontu proposamenari. Koalizioak 38 proposamen egin dizkio Gobernuari baina negoziaketek ez dute fruiturik eman.

"Ez dugu Gobernuaren eredu fiskala partekatzen, ezta zerbitzuak kudeatzeko jarraitzen dituzten irizpideak ere. Laburbilduz, ez ditugu Gobernu honen lehentasunak babesten, gure politika egiteko eredutik oso aldenduta daudelako", azaldu dute. "Hori datu objektiboekin argudiatuko dugu: Gizarte zerbitzuak, Berdintasuna eta Enplegua sailei bideratutako partidak bateratzen baditugu, ez dira heltzen aurrekontuaren %15era. Baina Hirigintza eta Obra sailetako aurrekontuak gehitzen baditugu, aurrekontu osoaren %47 da".

38 proposamen horietako bat izan da gizarte zerbitzuetara bideratutako laguntza bikoiztea. "Arrasatear askok arazo ekonomiko larriak dituzte eta 37 milioi euroko aurrekontua dela kontuan izanik, uste dugu laguntza sozialak handiagotu beharko liratekeela, beharrizan larriak dituztenak hobetu bizi daitezen".

Horrez gain, aterpetxearen proiektua ere proposatu du ezkerreko koalizioak. "Mankomunitateak mapa osatzen duen arte, Arrasaten gaueko aterpetxe bat beharrezkoa da, emergentziaren bat daukatenek eta kalean daudenek aterpe bat izan dezaten. Gaur egun ez dago inolako udal baliabiderik beharrizan horiek asetzeko eta, dauden bakarrak, borondate politikoaren araberakoak dira, hotel bat ordaintzeko edota, besterik barik, baliabiderik ez dagoela komunikatzeko".

Autobusaren inguruko hainbat proposamen ere jaso dituzte. "Batetik, herribusaren zerbitzu publikoa asteburuetara eta jaiegunetara zabaltzea, prezioa jaitsiz. Hau da, prezio sinbolikoa izatea, gehienez 0,50 euro ordainduta, herritar guztiek aukera izan dezaten autobusa erabiltzeko eta, modu horretan, autoaren kontsumoa jaitsiz". Azkenik, herribusa Gesalibarrera iristea ere eskatu dute.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak