Arrasateko Udalak eta Osakidetzak Debagoieneko Ospitale inguruan aparkaleku berriak sortzeko adostasuna lortu dute, ospitaleak egun duen aparkaleku beharrari erantzunez, Maria Ubarretxena alkatearen esanetan.
Egun, ospitaleak, inguruko aparkalekuez gain, 100 aparkaleku gehiago ditu Fagor Arrasate S.COOP. lantegiaren alboko eremuan. Hala ere, aparkaleku berri gehiagoren beharra sumatu dute Osakidetzak eta Udalak eta inguruaren azterlana gauzatu dute. Hala, ebatzi dute Txaeta kalean dagoen lur eremu bat egokia dela, "behin-behinekoz", aparkaleku berriak sortzeko. "Lagapena egingo dio Udalak Osakidetzari lursail hori aparkaleku gisa erabili dezan".
Irisgarritasuna, ezinbestekoa
Alkateak nabarmendu du herritarren ongizatea dutela "jomuga nagusi" eta ospitaleak eskaintzen duen zerbitzua "lehentasun osokoa eta funtsezkoa" dela. "Horregatik, garrantzitsua da herritarren mugikortasuna eta irisgarritasuna bermatzea. Aparkaleku hauen bitartez erabiltzaile, familia, eta langileen egunerokotasuna eta bizi kalitatea hobetuko dugu".
TAO sistema aplikatuko da
Aparkaleku sisteman mugimendua bultzatu nahi dute bi erakundeek. Horretarako TAO sistema ezarriko da. "Doakoa izango da, baina gehienez bi orduz aparkatu ahal izango da egunean. Hala, erabiltzaileen joan etorria bermatu nahi da eta pazienteak lehenetsi aparkatzeko unean". Halaber, ospitaleko langileentzako baimen bereziak luzatuko dituzte.
Zalduspeko aparkalekuak eta geltokia, maiatzerako
Esparru berriak behin-behineko bus geltokia izango du aurrealdean, eta atzeko aldean parking bat egokituko dute, "gaur egungo aparkaleku plazak bermatzeko". Bi fasetan ari dira egiten lanak: "Autobus geltokia aurreratua dago, eta orain, aparkalekuak kokatuko diren lurzoruan dauden pabiloiak eraisteari ekingo zaio datorren astean". 65 bat aparkaleku sortuko dituzte eta autobus geltokia eta inguruko atontze lanak maiatzean bukatuko dituztela azaldu du alkateak.