Esan moduan, hiru lantalde sortu dituzte: komunikazioarena, instituzioekin harremanduko dena eta dinamizatzeaz arduratuko den koordinazio mahaia barnebiltzen dituena. Hala, behin taldea osatuta eta egituratuta, helburua lortzeko lanean jarraitzeko prest azaldu dira gaurko prentsa agerraldian, "aurrera begira, erdiguneko herritarren aldarrikapenak gero eta ozenago entzun daitezen".
Bide horretan, Udalarekin harremanetan ere ari dira. "Bi bilera izan ditugu Udalarekin eta komunikatu digutena da harremanetan hasi direla Movistar eta Masmovilekin. Borondate ona ikusi dugun arren, ez zaigu eman zehaztasunik aurrera begirako egitasmoetan, eta gertatu izan zaigunez mareatzen ibiltzea eta gauzak data zehatzik gabe esatea, borrokan jarraituko dugu, data horiek zehatzak izan arte, konpromisoa argia izan arte", azaldu du taldeko kide Eñaut Arriaranek.
Elkarlanerako prest
Kritikan geratu ordez, Udalarekin lan egiteko "gogotsu" daudela adierazi dute, "sor daitezkeen zailtasunak gainditzeko, atarteetako arduradunekin hitz egiteko eta alde zaharreko bizilagunekin adostasunak zabaltzeko".
Apirilaren 16an, mobilizazioa
Horrez gain, apirilean ekimen berriak abiaraziko dituztele ere jakinarazi dute, aldarrikapenei "ikusgarritasun eta oihartzun handiagoa" emateko asmoz. Lehena hilaren 16an egingo dute, 20:00etan, Herriko Plazan. "Momentuko egoera azaltzeaz gain, aurrera begira buruan ditugun mobilizazioak ere azalduko ditugu, gauzek bere horretan jarraitzen badute, beti ere. Dei egiten diegu herritarrei Herriko Plazan elkartzera, gaiak guztiontzat duen larritasuna ikusarazteko".
Ate guztiak zabalik dituzte
Hasiera batean, AEK, Ardatz, Idiomaster eta Parlance akademiak elkartu ziren, eta "berehala" herritar ugari batu ziren. Gerora, Ibai-Arte merkatarien elkartearekin ere harremana sendotzen joan dira eta orain, kaltetua den edonori taldera batzeko deia egin diote: "Gure artean gehienok ezagutzen dugu elkar eta taldera batzera gonbidatzen ditugu guztiak". Beraz, helburu horrekin bat egiten duten eta "Internet konexio duinik" gabe dauden herritarrak gonbidatu dituzte haiekin harremanetan jartzera, zuntza2021@gmail.com helbidera idatziz.
Gaiaren harira, Udal Gobernuak ez du adierazpenik egin gura izan.