Audioarekin hainbat arazo izan ostean, osoko bilkura hasi bezain pronto, ostalarien mozioa lehenengo bozkatzea eskatu du Maider Morras EH Bilduren bozeramaileak, ordu horretan plazan elkartuta zeudelako ostalariak, eta udalbatzak aldaketa onartu ostean, hala egin dute –hemezortzi baiezko eta hiru ezezkorekin onartu dute–.
Dena den, Morrasek azaldu du pozten dela neurri eta laguntza batzuk eman direlako, baina ostalaritzaren itxieraren ondorioak ez direla aztertu eta atzean daudenendako neurriak ez direla ezarri. "Mahai baten bueltan elkartzea eta horretan lan egitea proposatzen dugu berriro eta, bide batez, baiezkoa ikusita, Udal Gobernuari galdetu gura diogu nola egikarituko duen IBIaren barkamena".
Ezkurrak erantzun dio hori Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskumena dela. "Hari galdetu beharko zenioke". Gobernuaren bozeramaileak ere babesa adierazi die ostalariei. "Ostalariekin bildu gara behin baino gehiagotan. Kaltetu nagusietariko batzuk izan dira eta babesa helarazi gura diegu. Horregatik, elkarlanean jarraituko dugu eta momentuan dauden beharretara egokituko ditugu neurriak".
Victoriano Fuentes sozialisten bozeramaileak ere elkartasuna adierazi diete ostalari zein bestelako komertzioei. "Laguntza zuzenak jaso behar dituzte, duda barik, baina mozioko puntu bat ez dugu ulertu eta eta abstenitu egingo gara".
Juan Arzamendiren gainkostuarekin eztabaida
EH Bilduren ezezkoarekin eta Elkarrekin Arrasateren abstentzioarekin onartu du udalbatzak Juan Arzamendi Musika Etxea birgaitzeko proiektuaren bigarren fasea.
Morrasek komunikabideetan gezurra esatea leporatu dio Udal Gobernuari eta azaldu du proiektuak gainkostuak izango dituela. "Lehenengo pleguak atera zirenean, 7.800.000 euro izan ziren. Hainbat enpresa aurkeztu ziren eta 5.550.000 eurogatik esleitu zitzaion Lurgoieni. Enpresa horren porrotaren ondorioz, berriz ere pleguak atera ziren, baina obraren zati bat eginda zegoen jada. Bigarren pleguak 4.933.000 eurotan atera dira, baina dagoeneko egindakoagatik 2 500.000 euro ordainduta daudenez, 7.433.000 euroko gastua izango litzateke. Beraz, bi milioi euro galduko lituzke obra honetan, oraindik esleitu ez den arren". Kepa Urteaga EH Bilduko zinegotziak zera gaineratu du. "Obraren %60 bost milioi eurotan esleitzen baduzu, batuketak ez du ematen. Enpresa batek %25eko kita edukitzea oso zaila zela esan ziguten batzordean".
Ezkurrak, lehenik, balioan jarri du proiektua aurrera joan izana eta oposizioko kideei erantzunez, azpimarratu du "gaur-gaurkoz, esleitu arte", ez dagoela gainkosturik. "Kostua denborarena izan da, egia da, baina aurrera doa".
Kulturola birgaitzeko obraren epea, luzatuta
Bestalde, Kulturola zaharberritzeko obraren epea luzatzea ere onartu du udalbatzak. EH Bildu abstenitu egin da eta Elkarrekin Arrasatek aurka bozkatu du. "Udal Gobernuaren kudeaketa ondo definitzen du honek. Makroproiektu bat atzerapenekin. Herritarrei barkatzen ez zaien bitartean, enpresei barra librea ematen zaie. Gainera, pandemia ez, baina beste gauza asko aurreikus zitezkeen. Atzerapena ez dago justifikatuta", azaldu du Eva Abuin zinegotziak.
Bizikidetza eta Aniztasun Ekintza Plana ere onartuta
2023ra arteko Arrasateko Bizikidetza eta Aniztasun Ekintza Plana ere onartu dute, baina oposizioko bi alderdiek giza baliabide eta baliabide ekonomiko falta leporatu diote Gobernuari. "Plana oso osatua da, edukia ona eta helburuekin bat gatoz, baina exekutatzeko ezinezkoa", dio Morrasek. Abuinek ere gaineratu du "oso beharrezkoa" dela plana, baina baliabide falta horrekin ezin dutela onartu.
Udal Gobernuaren bozeramaileak, "aitzakiatan gorde barik", bi alderdiei eskatu die baiezkoa ematea. "Baliabideak ere kontuan hartu dira, baina plan hau aurrera ateratzeko guztion parte-hartzea behar da. Jar dezagun martxan eta joango gara ikusten ze baliabide behar dituen".
TAO sistemak, pauso bat gehiago
Aparkatze eta igarotzeko mugatuko arautzen duen TAO sistemaren ordenantzaren testua behin betikoz onartu du udalbatzak, eta jendaurreko epealdian jasotako bost alegazioei erantzuna ematea ere bai –EH Bildu eta Elkarrekin Arrasate abstenitu egin dira–.
Mozioa, erretiratuta
Mozioa erretiratu egin du Victoriano Fuentes sozialisten bozeramaileak. "Batzordean landuko dugu, akordio batera iritsi ahal izateko", azaldu du. "Nola ez zaigu abisatu erretiratu egin dela? Batzordetik pasatu gabe erretiratu da? Hau da seriotasuna? Hurrengoan abisatu lehenago, mesedez", erantzun dio Morrasek. "Gure kexa zen batzordean ez zela tratatu eta eskertzen da konturatzea eta gauzak bere lekura eramatea. Halere, ordenantzaren helburua beste modu batera lortu daiteke beste modu baterako, eta ez isunak igotzen". Halaber, oposizioko bi alderdiek bat egin dute "mozal ordenantza" terminoarekin.
Martxoaren 8ra begira, adierazpenik ez
Bai EH Bilduk eta baita Elkarrekin Arrasatek ere, Udal Gobernuari leporatu diote Martxoaren 8aren gaineko adierazpen instituzional bat lantzeko prestutasun eza, eta Johanna Sanchez sozialistak zera erantzun die: "Eudelen adierazpen eredua bidali nizuen eta zerbait aldatzeko beharra izan ezkero, horretarako aukera eskaini. Prest egon naiz elkarlanerako, baina ez dut erantzunik jaso".
Musakolako alkatearen kasua
Galdera-erantzunen tartean, Martxoaren 8az gain, beste gai bat ere plazaratu du Morrasek. "2020ko urte bukaeran Musakolako auzo alkateak salaketa jaso zuen Arrasateko EAJren eta, bereziki, Ander Garayren izenean. Salatzen zen Musakolan ez zela bizi, 50 metrora baizik. Alkatea aldatzera behartu zitzaion auzoari eta, legalki arrazoia izan arren, etika eta moral aldetik oso minkorra izan zen, jokaera oso zakarra. Gero, gainera, EAJtik ez zen inor aurkeztu hauteskundeetara. Errespetu falta izugarria da eta seriotasuna eskatzen dizuet. Bide batez, Mikel San Miguel musakolarra dela esan gura dut, herrigintza izugarria egin duela, eta gure babes osoa daukala".
Ezkurrak nabarmendu du ez dutela inolako aitzakiarik. "Emailekin barne arazo bat izan genuen, eta data hori pasa egin zitzaigun. Musakolako auzotarrei barkamena eskatzen diegu, egon behar ginen lekuan ez ginelako egon. Hori bai, araudia bete egin behar da".
Urteagak gaineratu du okerrena ez dela bozketara ez agertzea, "baizik eta balio duen auzotar bat, prestutasuna daukana eta lana egiten duena, erditik kentzea; lanean jarraituko du, nahiz eta zuek mila traba jarri".