Juan Arzamendi Musika Etxeko obrak egiteko bigarren lehiaketa publikoa irekiko du bihar Udalak

Hasier Larrea 2021ko mar. 1a, 13:17

Juan Arzamendi Musika Etxea.

Udalak Lurgoien SAU enpresari esleitu zion hasierako obrak egiteko ardura, baina iaz hartzekodunen lehiaketara joan zen enpresa. Ondorioz, beste enpresa batek eramango ditu obrak aurrera, eta bihartik aurrera izango dute euren proposamenak aurkezteko aukera.

Arrasateko Udalak Juan Arzamendi Musika Etxea "legealdi honetan prest" egongo dela ziurtatu du: "Bihar irekiko dugu enpresek bertan obra egiteko hautagaitza aurkezteko lehiaketa publikoa, eta kontratazioa hemendik hiruzpalau hilabetera sinatuko dugu. Ondorioz, irailerako berriz jarriko dira obrak martxan",  adierazi du Maria Ubarretxena alkateak. Lanek "sei hilabete inguru" iraungo dutela gaineratu du Ubarretxenak.

Eraikina "dagoeneko erabilgarri" egon behar litzakeela ere adierazi du alkateak, "baina horren ardura zeukan Lurgoien SAU enpresa hartzekodunen lehiaketan dagoela-eta, ezin izan ditu obrak aurrera eraman, eta kontratua eten behar izan genion joan den apirilean".

Hori horrela, lanei dagokien abala bereganatu zuen Udalak joan den urrian, 239.776,54 euro berreskuratuz. Kopuru hori obra eten, proiektua berriro abian jarri, eta bitarte horretan eraikinean hartu behar izan diren segurtasun neurriak finantzatzera bideratu ditu –LKS enpresak arduratu da lan horietaz–.

"Gainkosturik ez du, gaur-gaurkoz"

Juan Arzamendi Musika Etxeko lanak "hasierako plan berarekin" berrabiaraziko dituzte, beste eraikuntza enpresa baten gidaritzapean. Udalak indemnizazioa eskatuko dio Lurgoien SAU-ri, denbora-epeetan eragindako kalteengatik: "20 hilabeteko epea zeukaten eraikina egiteko, eta lan erdietan utzi zuten".

Obrak berriro martxan jartzea "oso berri ona" dela aipatu du Ubarretxenak, eta Udalak eginiko "kudeaketa ona" goraipatu du: "Kalte-ordainak denboragatik baino ez ditugu izango, ekonomikoki hasierako prezioaren azpitik aterako zaigulako obraren egikaritzea".

Konkretuki, 7.480.518 eurotan adostu zuen Udalak eraikinaren irteera prezioa 2017ko uztailaren 27ko osoko oilkuran, eta Lurgoien SAU-ri 5.550.012 eurotan esleitu zion 2018ko urtarrilaren 16an. Orain arte egindakoak 2.529.431 euroko kostua izan du. Bigarren lehiaketa honen irteera prezioa 4.933.141 eurokoa izango da, BEZa gabe (Guztira 7.462.573 euro izango lirateke), "baina kopuru hori enpresek aurkezten dituzten proposamenen arabera aldakorra izan daiteke, horrenbestez, obra esleitutakoan zehaztuko da bigarren fase honen behin betiko kostua".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak