Ostalariek elkarretaratzea egin dute, aurkeztu duten mozioa babesteko

Eneko Azurmendi 2021ko mar. 2a, 19:41

Ostalaritza Aurrera Gipuzkoako plataformak mozioa aurkeztu du gaurko osoko bilkuran, "COVID-19aren ondorioz, Estatuko Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak agindutako ostalararitzaren itxierak direla eta, ekonomiaren arlo hori jasaten ari den egoera larriari irtenbide egokia emateko neurriak har ditzaten eskatzeko".

Azaldu dute Gipuzkoako ostalariek haien negozioak itxita eduki dituztela 106 eta 125 egun artean, udalerri bakoitzaren egoera epidemiologikoaren arabera. "Gaueko ostalaritzak, berriz, 8 hilabetetik gora darama erabat itxita", gaineratu dute.

2021 urtea ere 2020a amaitu zen modu berean hasi dela azpimarratu dute, eta egoera ez dela jasangarria. "2021 urterako ez da tunelaren amaierako argia ikusten. Garbi ikusten den gauza bakarra da, ostalaritzak jarraitzen duela kaltea  jasotzen, debeku eta murrizketekin".

Itxita egondako epean ere, gastu finko guztiak ordaintzen jarraitu behar izan dutela diote: telefonoa, aholkularitza-gastuak, aseguruak, gastu informatikoak, gasa, argiindarra, OHZ, zaborren eta terrazen tasak, alokairuak, maileguak, banketxe-gastuak, suhitzalgailuem mantenua, alarmen hileroko kuota, SGAE eta abar.

Era berean, diote tokiko udalek lagundu dietela hainbat dirulaguntza eta neurrirekin, baina aldarrikatu dute ez dela nahikoa. "Faktura finko guztiak ordaindu ondoren, ikusi dugu jasotako laguntzekin ostalari gehienok ez dugula lortu gastu finkoei aurre egitea. Horrez gain, familia asko eta asko ostalaritzatik bizi gara, eta 2020. urtearen herena baino gehagoz gure bizitzarako gastuetarako diru-sarrerarik gabe geratu gara".

Hori dela eta, hiru eskaera egin dituzte:

1- Eskatu Arrasateko Udalari EUDELi, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari udalerrian autonomoek bizi duten egoeraren berri emateko.

2- Eskatu Eusko Jaurlaritzari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari diru laguntzak emateko ostalaritza sektoreari.

3- Eskatu Gipuzkoako Foru Aldundiari ostalaritzako establezimenduetan (IBI) zergen bilketa bertan behera uzteko jarduera normala berreskuratu arte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak