Victor Fuentes zinegotziak azaldu duenez, 2020an nabarmen egin dute gora pintadek. "Horiek ezabatzen gastatutako diru kopurua handia izan da. Hiru hilabeteko konfinamenduarekin, 45.515,13 euroko gastua izan dugu pintadak ezabatzen. 2019an 35.940,71 euro izan ziren; 2018an, 40.189,46 euro; 2017an, 22.220 euro; 2016an, 38.619,33 euro; 2015ean, 35.880,42 euro eta 2014an, 17.449,33 euro".
Pintaketek herrian "modu negatiboan" eragiten dutela azaldu du Fuentesek eta ondare historikoa babesteko deia egin die herritarrei. Era berean, 2016an onartutako bideko udal ordenantzan "beharrezko" aldaketa bat ikusten dute sozialistek. Gaur-gaurkoz, 20.artikuluan jasota dagoenez, arau-hauste larria da pintaketena eta 151 eta 250 euro arteko zigorra dakarte. "Gure ustez, monumentu historiko-artistikoetan sortu daitezkeen kalteak oso larriak dira zigorrarekin alderatuta. Beraz, uste dugu arau-hauste larria izan beharko litzatekeela, 251 eta 1.000 euro arteko zigorrekin", gaineratu du zinegotziak.
Sozialisten udal taldeak mozio bat erregistratu du, osoko bilkuran Udal Gobernuari eskatzeko arau-hauste "oso larri" izatera pasa daitezela ekintza horiek. Halaber, mozio horren bitartez, azken urteetan egindako pintaketa guztiak kondenatzeko eskatuko dute osoko bilkuran.