Arrasateko Udalak zapatu gaueko gertaerak gaitzetsi ditu

Hasier Larrea 2020ko aza. 2a, 16:27

Pertsona talde batek edukiontziak erre zituen Arrasateko bost puntutan. Domeka goizean epaileak karguekin aske laga zituen istiluetan atxilotutako hiru pertsonak. Ikerketak zabalik jarraitzen du.

Pasa den zapatuan gaueko hamaikak baino minutu batzuk lehenago, pertsona talde batek edukiontziak erre zituen Arrasate erdiguneko bost puntutan, kalean aztoramena eta hainbat kalte material eraginez. Ertzaintzak hiru pertsona atxilotu zituen, gertaera horiekin zerikusia zutelakoan.

Atxilotuak 21, 26 eta 29 urteko gazteak dira, Arrasaten dute bizitokia eta domeka goizean karguekin aske laga zituen epaileak. Ertzaintzatik adierazi dute ez dutela pertsona horiek bandalismoarekin lotutako aurrekaririk. Ikerketak zabalik jarraitzen du, eta Zenbaitek, esaterako Sare Antifaxistak, Arrasaten eta beste hainbat tokitan izandako istiluak negazionistekin eta eskuin muturreko taldeekin lotura dutela salatu arren, Ertzaintzatik ez dute halakorik baieztatu; ezta istiluen aurretik sare sozialen bitartez deialdia egin eta geratuta zeudenik ere.  

Arrasateko Udalak irmoki gaitzetsi ditu ekintza bandalikook. Era berean, Udalak edukiontziak erretzen jardundako taldearekin lotu ditu ordu inguru horretan Arbolapeta alboan eta Zerrajeran izandako bi auto-istripuak. Herritarrentzako, azkenik, esker oneko hitzak izan ditu alkateak zapatu gauean Udaltzainei eskainitako laguntzagatik, eta oro har, pandemiaren aurrean izaten ari diren jarreragatik.

Arrasateko Alderdi Sozialistak ere zapatu gaueko gertaerak salatu ditu. Victor Fuentes bozeramaileak nabarmendu du ekintza "larriak" eta "lotsagarriak" izan zirela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak