Aske utzi dituzte Arrasateko istiluengatik atxilotutako hiru gazteak

Txomin Madina Milikua 2020ko aza. 1a, 10:53

Epailearen aurretik pasatu ostean, karguekin baina aske geratu dira  Arrasateko zenbait puntutan hainbat edukiontzi erretzeagatik ertzainek atzo atxilotu zituzten 21, 26 eta 29 urteko hiru gazteak. Ez dute zehaztu zein profiletakoak diren atxilotutakoak, ezta istiluak zergatik eragin zituzten ere. Era berean, Arrasateko Udalak irmoki salatu eta gaitzetsi du gertatutakoa.

Atzo Arrasaten, 23:00en bueltan, hainbat edukiontzi erre eta gurutzatzeagatik ertzainek atxilotutako hiru gazteak karguekin baina aske geratu dira epailearen aurretik pasatu ostean. Ertzaintzatik azaldu dute 21, 26 eta 29 urte dituztela, Arrasaten bertan dutela bizilekua eta atxiloketak istiluak gertatu bitartean izan zirela, baina ez dute atxilotuen inguruko bestelako informaziorik eman. Zenbaitek, esaterako Sare Antifaxistak, Arrasaten eta beste hainbat tokitan izandako istiluak negazionistekin eta eskuin muturreko taldeekin lotura dutela salatu arren, Ertzaintzatik ez dute halakorik baieztatu; ezta istiluen aurretik sare sozialen bitartez deialdia egin eta geratuta zeudenik ere. Gertatutakoa ikertzen jarraitzen dutela gaineratu dute.

Arrasateko Udalak irmoki salatu ditu ekintzak

Bestalde, Arrasateko Udalak "irmoki salatu eta gaitzetsi" ditu atzo gaueko "delituzko ekintzak" eta Udaltzaingoaren lana eta erantzun azkarra balioan jarri eta eskertu nahi izan ditu.

Bi puntu nabarmendu gura izan ditu. "Batetik, 22:30 eta 00:30 bitartean izandako gertakarien ondorioz antolatutako talde batek hiru zabor edukiontzi erre eta bi auto istripu eragin zituzten. Kalteturik beste hiru auto gehiago geratu ziren. Bestetik, gertakariekin erlazionatuta hiru atxilotu eta bost pertsona identifikatu ziren, azken hauetatik ustezko bi auto istripuetako gidariak. Udaltzaingoak dioenez herritarren aldetik jasotako kolaborazioa eta deiak lagungarriak izan ziren gertakarien inguruko informazioa biltzerako orduan", adierazi du Udalak ohar bidez.

Sozialistek ere kondenatu dituzte ekintzak

Horrez gain, Arrasateko alderdi sozialistak ere kondenatu ditu zapatu gaueko ekintzak. Victor Fuentes bozeramaileak nabarmendu du ekintza "larriak" eta "lotsagarriak" izan zirela. "Guztiz ulertezina da, pandemia betean, jendea hiltzen ari denean eta krisi ekonomiko eta sozial bat bizi dugunean, batzuek hiriko edukiontziak erre eta arrasatearrak arriskuan jartzea". Hala ere, herritarren gehiengoaren jarrera zoriondu gura izan du. 

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak