Jendetza elkartu da Arrasaten Kepa Arkauzen atxiloketa salatzeko

Mirari Altube Arrese 2020ko urr. 5a, 20:22

Konponbide garaia da leloaren inguruan jendetza elkartu da Seber Altube plazan Sarek deituta. Kepa Arkauz, Ekhiñe Eizagirre eta Imanol Jaioren atxiloketak salatu gura izan dituzte "onartezinak" direla esanaz eta konponbiderako deia egin dute. 

"Gaur hemen batzen gaituena, iraganera lotutako gertakaria da, sufrimendua sortu eta mendekatzea baino helburu ez duen gertakaria da", adierazi dute Sareko kideek eta salatu "inongo azalpen ez eta zitaziorik gabe" eraman dituztela Guardia Zibilek hiru atxilotuak. Arkauzek eta Eizagirrek ETAko kide izanagatik zigorra bete zutela Frantziako espetxeetan gogorarazi dute eta Jaio, zazpi urte erbestean egon ostean itzuli zela 2017an Abadiñora: "Hirurak, duela hamar urte baino gehiago dituen zulo baten harira atxilotu dituzte, lehen biei "helburu terroristekin lehergaiak izatea" akusatuz eta Imanoli, horrez gain, ETAko kide izatea ere leporatzen diote".

Eta bakearen eta konponbidearen garaia dela aldarrikatu dute: "Egoera honekin amaitzeko garaia da, konponbide garaia da, ez akusazio zaharkitu eta korapilatsuen baitan espetxeak betetzen jarraitzekoa". Era berean, lanean jarraituko dutela adierazi dute: "Saretik, egoera hau gogor salatzen dugu eta jaio ginenetik ditugun konpromisoetan berresten garela adierazi nahi dugu; bakea, bizikidetza eta konponbidea. Argi diogu, euskal preso eta iheslarien etxeratze prozesua abian jarri eta muturreraino eraman artean lanean jarraituko dugula". Eta Arkauzi Sareren inguruan egindako lana eskertu gura izan diote.

Maider Morras, Arrasateko EH Bildu: "Atxiloketok min handia egiten diote elkarbizitzari eta bakeari" 

Arrasateko EH Bilduren izenean, Maider Morrasek atxiloketak baloratu ditu: "Duela hamar urtetik gorako egoerara itzulera da. Zoritxarrez, halako erasoek min handia egiten diote elkarbizitzari eta bakeari. Atxilotuei eta haien senideei min egiteko erasoa da, oso berri txarra. Atxiloketokin antzinako irudiak datozkigu burura eta bihotzera; tamalgarria eta penagarria, ardura handiz hartzen dugu". 

Arrasateko Sortu: "Hamar urte atzera eraman gaitu estatu espainiarraren mendeku gose ase ezinak"

Arrasateko Sortuk ere "irmo eta ozen" salatu du Guardia Zibilak Arrasateko, Zarauzko eta Abadiñoko ezker abertzaleko hiru kide bahitu izana: "Duela 45 urte Iñaki Etxabe Orobengoa herrikidea erail zuten egun berean egin dute. Orduko erantzule berberak ari dira orain ere soluziobideak leherrarazteko saiakeran, bakea eraiki eta espetxeak husteko garaia denean. Hamar urte atzera eraman gaitu estatu espainiarraren mendeku gose ase ezinak gaurko egunean. Aski da! Konponbidea orain! Adi mobilizazioei!".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak